GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fernando Bilbao, Pablo Fernandez eta Mirian Campos Bizkaiko Eleak mugimenduaren izenean

Ostrukaren politika Barne Sailean

Borobila izan da Ares jaunak antzeztutako lana. Barne Saileko bere kargua utzi eta hamaika ekintza bidegaberengatik ez erantzukizun politikorik ez judizialik onartu gabe alde egin

Urriaren 9an, Iñigo Cabacas gazte bilbotarra hil zuteneko seigarren hilabetea betetzen da. Sei hilabete bere kasuaren ikerketaren inguruko aurrerapenik gabe, Iñigori pilotakada mortala nork bota zion argitu gabe, bere heriotzaren balizko erantzule politikoak aurpegia eman gabe... Hauteskunde kanpaina erdian egonda ez da, seguru, unerik aproposena Ertzaintzaren agenteen kontra «ereduzko zigorrak» plazaratzeko, ez eta Barne Sailean dimisioak gauzatzeko. Aurretik ere ez dira izan... izango al dira geroago? Galdera erretorikoa, azkeneko hau, hiztegiaren arabera «erretorikoa: formulatzeko momentuan erantzuna dakizunekoa».

Eleak-etik hainbatetan salatu behar izan dugu Aresen Sailak gidatutako poliziek eragiten zuten eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso etengabea. Herri honetan hainbat eragile politiko eta sozialen aldetik normalizaziorako bidean pausoak ematen saiatzen ari garenean, behin eta berriro presoen aldeko edozein adierazpenen atzetik ibili dira Maccarthismoaren garairik hoberenetan bezala. Gure herrietako jaien eremuak bortxatu izan dituzte behin eta berriro presoen argazkien bila; salbuespenezko tribunala den Auzitegi Nazionalera eraman dituzte hamaika pertsona presoen eskubideen defentsan edozein ekimen aurrera eramateagatik... eta beraien bortizkeria erabiltzeko mehatxupean bizitzen ohitu behar izan dugu.

Pasa den hilabetean urtebete bete zen Kukutza gaztetxea Ertzaintzak bortizki desalojatu zuenetik, bere ametsak borra eta piloten eraginez txikitu zituztelarik. Aresen poliziak babestu zuen, orduan, Azkuna jaunak espekulatzaileekin hitzartutako akordioa. Azkuna propietate pribatuaren defentsaren atzean ezkutatu zen garai hartan «ametsen fabrika»rekin bukatzeko. Alkate jaunak ostrukarena egin zuen berriro ere Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean erantzukizun politikorik eskatzeari uko egin zionean. Iñigoren familiak eta lagunek justizia eskatzen jarraitzen dutenean, Azkunak beste alde batera begiratzen jarraitzen du.

Beste alde batetik, urtarrilera atzeratu da pasa den astean hamahiru ikasleren kontra egitekoa zen epaiketa. Bolonia prozesua Leioako campusean era baketsuan kritikatzeagatik auzipetu zituzten. Honekin loturik, ezin dugu aipatu gabe utzi campusak militarizatzeko ahaleginetan Aresek gidatzen zuen Barne Sailak jokatutako papera. Zentzu honetan, gogora ekarri behar dugu 2009an Iñaki Goirizelaia errektoreak eta Ares jaunak zuzentzen zuen Barne Sailak eginiko akordioa, zeinaren arabera Unibertsitateko kamerek grabatutakoa eta poliziaren sarbidea unibertsitatera Barne Sailak kontrolatuko zituen. Unibertsitatea ikasleak zigortzeko eszenatoki bihurtzea zen akordio honen asmoa, eta hortik etorri zaigu ikasleen kontrako epaiketa bidegabe hau.

Borobila izan da Ares jaunak antzeztutako lana. Barne Saileko bere kargua utzi eta berak gidatutako Sailak egindako hamaika ekintza bidegabeengatik ez erantzukizun politikorik ez judizialik onartu gabe alde egin. Duela egun batzuk, Aresek Bilduko kargudunei «behingoz gobernu erantzukizunak» hartzeko eskatzen zienean irribarrea aterarazi zigun bere maila goreneko zinismoarekin. Berak gobernuko ardurak albo batera utzi dituenean, eta bere trapu zikinak beste batek garbitzeko maniobra egin duenean!

Nora garamatza ibilbide guzti honek? Euskal Herria aldatzen ari da. Jende askoren ahaleginari esker gure kaleko giroa bestelakoa da. Horregatik ez da onargarria eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak baimentzen dituen makineria poliziala bere horretan mantentzea. Edozein gatazkaren irtenbide fasean Justizia Transizionalaren barruan polizia ereduaren inguruko eztabaida mahaigaineratu beharra dago. Hori, hain zuzen ere, da Eleak-etik proposatu nahi duguna, eztabaida soziala piztea zer motatako polizia eredua nahi eta behar dugunaren inguruan. Iñigorena bezalako kasuak ez ditugulako berriro bizi nahi.

Euskal Herrian soluziobide demokratikoa gauzatu ahal izateko bakea eta normalizazio politikoa beharrezkoak dira. Eta eszenatoki berri horrek gatazka elikatzen duten eta eskubideak bortxatzen dituen edozein egoera desagertzea eskatzen du.

Gure proposamena beti egongo da engaiamendu kolektibo batekin lotuta. Soilik gatazkaren konponbiderako norbanakoaren konpromisoarekin lortuko baitugu eskubide zibil eta politikoak babesteko herri harresia eraikitzea. Ostrukaren jarrera ez baita onargarria gure bizitza politiko eta sozialean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo