GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Pentsioekin beldurra sartu nahi du Patxi Lopezek

p006_f01.jpg

GARA | BILBO

Balizko Euskal Herria independente batek ezin izango lituzkeela pentsioak ordaindu berretsi du Patxi Lopez PSEko lehendakarigaiak. PPko Antonio Basagoitirekin batera, mamu hori astintzen ari da burujabetzaren aldekoen kontra. Eta hori ukatu zuen Iñigo Urkullu EAJko hautagai nagusiari «gezurra esaten duela edo gaizki informatuta dagoela» leporatu zion.

Hori argudiatzeko, oraingo balantzea kontrakoa dela nabarmentzen dute Lopezek zein Basagoitik; hau da, euskal herritarrek kobratzen dutena kotizatzen dutena baino gehiago dela eta horregatik EAE defizitarioa dela arlo honetan. Gainera, arazoa larriagotuko dela ziurtatzen du orain arte lehendakari izandakoak, Euskal Herriko biztanleria Europako adinduenetarikoa eta aldi berean bizi-itxaropen luzeenetarikoa duenetakoa baita. Independentziak ekar litzakeen onura ekonomikoak bazterrean uzten dituzte biek, eta soilik atal honi erreparatu nahi diote, aukera hori gizartearentzat oso kaltegarria izango litzatekeela irudikatzeko.

Lopezek atzo Gasteizen esan zuenez, euskal pentsiodun bakoitzeko urteko defizita «1.800 eurokoa da». Herenegun, ordea, hori goitik behera ukatu zuen Iñigo Urkulluk, bere datuen arabera kontrakoa gertatzen baita; hau da, Euskal Herritik gehiago ordaintzen da pentsioetan jasotzen dena baino. Horren harira atzo gezurra esaten ari dela edo informazio kaskarra duela egotzi zion Lopezek Urkulluri.

Zerga sistema aldatzea

Jarraian, EAJren aurka egin zuen Patxi Lopezek krisiari lotutako beste arrazoi bategatik: jeltzaleek ez dutela zerga sistema aldatu nahi. Berriro ekarri zuen gogora Ajuria Eneatik aldaketa hori bultzatzen saiatu dela azken hiru urte eta erdian (horretarako eskuduntza hiru aldundiena den arren), baina EAJk ekidin egin duela, batez ere Bizkaian. Jakina da Gipuzkoan zerga sistema aurrerakoiagoa ezarri dela, PSE, Bildu eta Aralarren akordio bati esker eta PP eta EAJren bozen aurka.

Hori guztia dela eta, Patxi Lopezek dei egin zion EAJri ere «herri gisako akordio zabal batean» parte har dezan. Helburua zerga sistema «justuagoa eta eraginkorragoa» lortzea litzateke, era berean hazten diren diru sarrerak zerbitzu publikoetarako bidera daitezen.

Ekonomia gaiak landu nahi izan zituen Lopezek kanpainako lehen jardunaldi honetan, beraz. Eta enpresa arloko hainbat agintariren eskutik egin zuen, Gasteizen egindako agerraldi batean. Horien artean zeuden Ignacio Lopez Gandasegui Aernnovako presidentea, Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusia, Massimo Rossini Naturgaseko kontseilari ordezkaria eta Caja Vitaleko presidente Carlos Zapatero.

Gipuzkoako PSEko zerrendaburu Iñaki Arriolak ere EAJk arlo ekonomikoan dituen jokabideak kritikatu zituen, Arrasaten egindako lore banaketan. Zehatzago, «bi ezkutuko agenda» erabiltzea egotzi zien Urkullu eta bere hautagaitzako alderdikideei: batetik, gizarte zerbitzuetako murrizketena; eta bestetik, burujabetzarena.

Arriolaren ustez, bi ildo horiek jorratuko ditu Urkulluk Ajuria Eneara heltzen bada, baina horretarako kanpainan zehar horiek ezkutatu beharra du, boto-emaileak ez beldurtzeko.

Horretarako, ohartarazpena egin zien Arriolak bozkatzera deituta dauden herritar guztiei: iruditu ez arren, urriaren 21ean «ongizate estatua dago jokoan Euskadin».

Ares eta Katalunia

Katalunia aldean altxatu den independentziaren aldeko olatuak Euskal Herrian eragina izango duela esan du Rodolfo Aresek. PSEk ez duela horrekin inoiz bat egingo argi utzi zuen, baina «bestelako formulak» azter daitezkeela zehaztuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo