GARA > Idatzia > Kultura

Xilaba Bertsulari Xapelketa Zuberoan abiatuko da Altzürüküko herriko gelan

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren lehen kanporaketa gaur ospatuko da Altzürükün. Bigarrena urriaren 13an izanen da Kanbon. Finalaurrekoak Hendaian eta Donibane Garazin eginen dira urriaren 20an eta 27an, eta lehen aldiz finala Baionan ospatuko da, azaroaren 10ean. Xilaba abiagune duen eskualdeko Bertso Alkarteko arduradun eta txapelketako lehiakide Ramuntxo Christyk Zuberoako bertsolaritzaren egoera aztertu du.

p050_f01_148x112.jpg

GARA | BAIONA

Ortzi Murua, Ortzi Idoate, Maindi Murua, Maddi Ane Txoperena, Xan Alkhat eta Egoitz Zelaia izanen dira gaur Altzürüküko lehen kanporaketan. Bertako bi hoberenak eta bi kanporaketetan puntu gehien lortzen dituzten lau bertsolariak pasako dira finalaurrekoetara.

Zuberoak hartuko du txapelketaren abiatzea. Horrekin kontent agertu da duela hamar urtez Maulen bizi den Ramuntxo Christy aihertarra: «Toki aproposa nahi genuen atzeman. Altzürükü mendi azpian kokatua den herri tipia da eta bertan gela ederra dute, oso egokia bertsu saio batendako. Lehen kanporaketa han pasatzen da eta ondotik ostatua bada, eta ikastolak prestatutako taloa jastatzeko parada izanen da».

Xapelketak Zuberoako bertsolaritzari eskaintzen dionari buruz ere mintzatu da Christy Kazeta.info-n eskainitako elkarrizketan: «Zaila da neurtzea xapelketak zer ekartzen duen, baina argi dago balio duela bertze jende batengana heltzeko, publikoarengan tira bat sortzen duelako. Publikoak maite du artetan bertsulariak bortxatiak ikustea, tentsioz beteak, eta ez lasai afari baten ostean kantatzen. Lehiazale den publiko bat bada, beste bertsozale batzuek ez dute xapelketa gustuko, baina ezin da ukatu xapelketak balio duela bertsulari berrien deskubritzeko eta gure ohiko ekimenetara hurbiltzen ez den jende batengana heltzeko».

Bertsozaletasunak gora

Ipar Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala, Zuberoan ere bertsolaritzaren zaletasuna gora egiten ari dela baieztatu du: «Helduen bertso eskolan sei bat lagun ibiltzen gara. Sohütako ikastolan bada bertso eskola bat eta han bertze hamar bat haur ari dira. Bertzalde, Lartzabaleko kolegioan badira bertze bizpahiru gaztetxo».

Maulen den Xiberoko Bertso Alkartearen sorreran hartu zuen parte. «Bertso-eskolan parte hartzen ginelarik pozik ginen, baina bertze publiko batengana joaiteko eta Xiberoan gaindi bertsulari plaza eskaintzeko alkartea muntatu genuen. Orain dela bost urte abiatu ginen, gure helburua da bertso-eskolarekin segitzea, eskoletan egin den lana sostengatzea eta saioak eta bertze ekimenak antolatzea».

Zaletasuna pizten elkarlanean ari direla nabarmendu du bertsolariak: «Ez da gehiago bakardadeko lana. Xiberoako Herri Alkargoaren sostengua urte guziz dugu, baita Bertsularien Lagunak elkartearena ere. Bestetik, Xiberoa gaindiko kultur elkarteekin lan egiten dugu: Urdiñarben Bil Xokoaren eskutik, Hebentik elkartearekin, baita ikastolarekin ere. Elkarlanean ari gara. Ahalik eta saio gehien antolatzen entseatzen gara. Jendea gero eta gehiago hurbiltzen da eta horrek pozten gaitu».

ERAKARGARRITASUNA

«Xapelketak balio du bertze jende batengana heltzeko, publikoarengan tira bat sortzen duelako. Maite dute artetan bertsulariak bortxatiak ikustea, tentsioz beteak, eta ez lasai afari baten ostean kantatzen», erran du Ramuntxo Christy bertsolariak.

Sei bertsolari ariko dira bihar Berriatuan, «BaDaGaRa»-ren lehenengo geltokian

Ipar Euskal Herrikoaren moduan, bi urtetik behin izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin hitzordua eta bihar bertan ekingo diote Arrate Illarok, Imanol Uriak, Inazio Vidalek, Iratxe Ibarrak, Jone Larrinagak eta Xabier Enbeitak. Berriatuko frontoian jokatuko da lehenengo saioa, 17.30ean hasita. Bost kanporaketa izango dira guztira eta saioko irabazleak ziurtatuta izango du finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute aurrera egiteko aukera. Hiru finalaurrekoren ondotik, abenduaren 15ean ospatuko da final handia Bilboko Miribillan. 2010ean finalista izan ziren zortzi bertsolariek finalaurrekoetan hasiko dute txapelketa eta aipatzekoa da aurretik inoiz finalista izan direnei ere aukera eman zaiela kanporaketetan -eskualdeetako sailkapen saioak pasa behar izan gabe- zuzenean sartzeko. Lau bertsolarik eman dute izena: Igor Elortzak, Iratxe Ibarrak, Ibon Ajuriak eta Fredi Paiak.

Aurtengo txapelketaren leloa «BaDaGaRa» izango da. «Bada eta Gara. Transmisinoa eta talde lana, alkarlana. Horiek bertsolaritzaren zutabeetako bi. Txapelketa mundu oso baten erakusleiho dugu. Eta atzean askoren lana dago. Lana eta jolasa», azaldu zuen Joseba Santxok, ALBEko kide eta sustatzaileetako bat eta txapelketan hainbat urtez epaile aritu denak.

Biharko saioan Leire Bilbao izango da aurkezlea eta epaile lanetan Jurgi Fuentes, Ander Txakartegi, Gorka Intxaurbe, Jon Jaio, Josu Telleria eta Mirari Azula arituko dira. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu eta www.bizkaikotxapelketa.biz webguneetan edota saioan bertan leihatilan eskura daitezke. Finalekoak erosteko aukera badago jadanik. A. ARRUTI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo