GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek bolada txarrari amaiera eman nahi dio

Zuri-gorriek aurkari bihurria izango dute aurrean, Toulon hartuko baitute gaur 15.00etan, Agileran.

p047_f02_435x435.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzen eta Avironen egoera erabat aldatu da aste bakar batean. Zuri-urdinak indartuta datoz joan den astean Agileran derbia irabazi ostean, eta zuri-gorriek, berriz, hirugarren porrota jarraian jasota nahiko burumakur pasa dute astea.

Biarritzen irabazteak jaitsierako postuetatik ihes egiteko balio dio Avironi, baina orain ezin da lo egon, bestela berriro ere laster sartuko da arazotan. Gaur 18.30ean Agen hartuko du Jean Dauguer estadioan, eta hutsik egin ezin duen partida horietakoa dauka gaur Agenen aurka. Frantziarrak Baionakoak baino postu bakar bat gorago daude, eta hiru punturen aldea bakarrik kentzen dio, eta gaur garaipena erdietsiko balu, sailkapenean ere pasa egingo luke.

Garaipenaren beharra

Biarritzek ere garaipenaren beharra dauka. Liga hasiera ezin hobea egin zuen, lau partida segidan irabazita, baina azkeneko hirurak galdu egin ditu, eta sailkapenaren goialdean jarraitzen baldin badu ere, oso komenigarria eta beharrezkoa du bolada txar horri amaiera ematea, baina horretarako ez du aurkaririk samurrena izango.

Zuri-gorriek Toulon hartuko dute Agilera estadioan 15.00etan, eta frantziarrek oso talde ona daukate. Sailkapeneko bigarren postuan daude, lehen postuan dagoen Clermontekin berdinduta. Beraz, neurketa oso zaila dauka Biarritzek, baina Stade Toulosaini irabazi zion Agilera estadioan, eta gaur ere gauza bera egin dezake.

Irabazteak bolada txarrari amaiera emateaz gain, animo aldetik ere indar handia emango dio talde zuri-gorriari, Liga irabazteko beste hautagai nagusietako bat mendean hartuko lukeelako. Galtzen badu, beherako bidean jarraituko luke, eta azkeneko denboraldiak ikusi ostean, batere komeni ez diren urduritasunak ere agertzen hasiko lirateke, eta horrek ez dio batere mesederik egingo.

Aviron

Baionako taldeak Agen hartuko du gaur 18.30ean. Frantziarrak hiru puntu aurretik daude, eta sailkapenean gora egiteko aukera paregabea daukate zuri-urdinek.

Poza

Aurtengo denboraldiko asterik ederrena izan da Baionako taldearentzat, joan den igandean azkeneko minutuan derbia irabazi ostean. Orain horri jarraipena eman beharra daukate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo