GARA > Idatzia > Kultura

Tribua mugiarazteko disko «lizuna» prest du Xabi San Sebastian Bandek

Xabi San Sebastian, orain arte bakarlari moduan aurkeztu dena, bandak lagunduta eta energiaz beterik dator «Erraiak» bere hirugarren diskoan. Rocka eta afrikar erritmoak, tribua mugiarazteko. Berako Kataku dantzatoki bihurtzea izango du gaur gauean helburu.

p053_f01_148x96.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Erraietan zuen pultsua azaleratu eta erritmoei segika, gitarra elektrikoekin jantziz osatu du Xabi San Sebastianek «Erraiak» (Elkar) diskoa. «Musikaren sentsazio horiek berreskuratu nahi nituen», azaldu zuen, «barruko pultsu horri gitarra elektrikoa jarrita rocka daukazu». Kantautore papera utzi eta Xabi San Sebastian Band izenez aurkezten du bere burua orain, Igor Telletxea (bateria), Matthieu Aranburu (baxua), Ruben Caballero (gitarra) eta Satxa Soriazu (teklak) taldekideekin batera.

Izan ere, azken boladan Afrikako musika ugari entzun duela aitortu zuen San Sebastianek; «konposatzerakoan erritmotik abiatu naiz eta horren gainetik eraiki ditut gitarrak, melodiak... Hasieratik kontzertuetan pentsatu dut. Azkenean, helburua erritu bat sortzea da musikaren inguruan, tribua bildu eta mugiarazteko, eta kontzertuak energetikoak eta parte hartzaileak izango dira», iragarri zuen.

Bederatzi kantuk osatzen dute «Erraiak». Elkar estudioetan grabatu dute Jean Phocas soinu teknikariarekin. «Lurrari erabat lotua dago eta oso suzko diskoa da», definitu zuen San Sebastianek. «Errock» kantuak laburbiltzen du, segur aski, ondoen talde berri honen izaera: erritmo afrikarrekin hasi eta pixkanaka gitarra riff indartsuak irabazten du bere tokia. Errai eta erroetarako bidaia honetan, txalaparta ere sartu dute bi kantutan eta «kontzertutan ere askotan gurekin izango dira txalapartariak», esan zuen.

Hitzei dagokienez, desioa dute guztiek komunean: «Disko lizuna da eta izan nahi du, rock-and-rolla hala delako, ez du kristaua izan nahi».

Gaur izango dute lehenengo emanaldia, Berako Katakun 22.30ean, eta emanaldi nahikotxo dituzte lotuta dagoeneko: urriaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian; 12an, Tolosako Bonberenean; 21ean, Zizurren, Nafarroa Oinezen; azaroaren 2an, Donostiako Dokan; azaroaren 3an, Baionako Le Caveau des Augustinsen... Data guztiak eta diskoa zabaltzen duen «Katamotza» kantuaren bideoklipa www.xabisansebastian.com atarian ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo