GARA > Idatzia > Euskal Herria

Deskonkista aldarrikatuz, tontorretan suak pizteko deia

GARA | BAIONA

1512-2012 Nafarroa Bizirik deskonkista kolektiboak besta eguna antolatu du urriaren 14rako Donapaleun. Nafarroako konkistaren urtemuga aldarrikatzeko ekimen anitz antolatuak izan dira. Horren karietara, Lapurtarren Biltzarrak eta Lapurdi 1609-2009 elkarteak urriaren 12an arratsaldeko zazpietan mendi tontorretan suak piztera dei egin dute.

«1978ko abuztuaren 15ean Euskal Herriko mendi anitzetan suak piztu ziren 778an izan zen Orreagako guda ospatzeko. Adibidez Artzamendin Txomin Olhagarai zenak orgatara bat egur traktoran eraman zuen. Santa Barbarako tontor gehienetan suak ageri ziren», azaldu zuen Lapurdi 1609-2009 elkarteko Mixel Mendiburuk. «2012ko urriaren 14an Nafarroaren eta Euskal Herri osoaren deskonkista martxan eman nahi da, eta dei egin nahi dugu herri guztiak deskonkistan parte har dezan suak piztuz ahalik eta mendi tontor gehienetan».

Igandean, Donapaleun

Goizeko hamar eta erdietan Karrika Kurri desfilea egingo dute Donapaleuko erdigunean. Eguerdi eta erditan Deskonkista ekitaldia egingo dute herriko merkatu estalian. Herri bazkaria, Buuzbu taldearen kontzertua eta haurren xokoa ere izango dira egunean zehar.

Asisko Urmeneta eta Iñaki Perurena bertan izango dira beren sostengua eskaintzeko, eta azken honek erakustaldi «harri-garria» ere egingo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo