Urtean 46 kilo janari zaborretara botatzen du biztanle bakoitzak
Albal enpresak egin duen ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzak urtean 46 kilo janari botatzen ditu zaborretara. Horrela, 218 euro xahutzen dira. Orotara, urtero 129 tona jakik bukatzen dute zaborrontzian hiru herrialde hauetan.
GARA | DONOSTIA
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzak urtean 46 kilo jaki botatzen du zaborretara, batez beste 218 euroko balioa duena, Albal enpresak egindako «Save Food» ikerketaren arabera. Orotara, 129 tona janari botatzen dira zaborretara hiru herrialde hauetan. Orotara, erositako jakien %7,7k bukatzen dute zaborrontzian.
Azterketa horrek dioenez, hiru herrialde hauetan zaborretara botatako jakien %48 fruituak eta barazkiak dira, eta %17 okela eta arraina.
Jaki hauek zaborretara botatzeko arrazoi nagusia kontserbazio ezegokia da (%44), eta bigarren postuan plangintza txarra dago (%23).
Ikerketak ez du Nafarroako egoera aztertzen, eta EAEko datuak Estatu espainoleko autonomia erkidegoekin alderatzen ditu. Horrela, Andaluzia da janari gehien botatzen duena zaborretara (%10,37). Atzetik du Madril (%8,09), eta jarraian, EAE (%7,71), Galizia (%7,67), Valentzia (%7,05) eta Katalunia (%6,21). Bestalde, Galizia eta Andaluzia dira hilean erosketak maizenik egiten dituztenak, 15,8 eta 15,2 aldiz, hurrenez hurren. Sailkapenaren beheko partean Katalunia eta EAE daude (13,1).
Jakien hondarrak berrerabiltzeko orduan, EAE da zorrotzena, erositakoaren %11,5 baino ez duelako zaborretara botatzen. Sailkapenaren goiko aldean, berriz, Andaluzia (%19,6) eta Katalunia (%19,5) daude.
Cofresco Iberica enpresako zuzendari nagusi Jesus Iturbek nabarmendu zuenez, «janariari buruzko ohiturak erabat aldatu dira gure aiton-amonen garaitik. Lehen, guztiek eragozten zuten janaria alferrik galtzea, baina urteak pasatu dira, eta prezioek nabarmen egin dute behera eta azkar bazkaltzeko tokiak gero eta hedatuagoak daude. Horrek guztiak janaria botatzearen kultura zabaldu du».
«Save Food» izeneko ikerketa Estatu frantsesean, Alemanian, Estatu espainolean, Suedian, Belgikan, Errusian eta Austrian egin dute, eta helburu nagusia Europako kontsumitzaileen ohiturak hobetzea da.
Europako herrialde horietan, batez beste, janariaren %20 botatzen da zaborretara, nahiz eta horren erdia aprobetxatzeko moduan egon. Paketean bilduta dagoen janariaren %30a ireki ere egin gabe botatzen da zaborretara.
Fruituak eta barazkiak dira gutxien aprobetxatzen direnak, %50a inguru zaborretara botatzen baita. Sailkapen horretan, hurrengo postuetan, etxean egindako janaria eta azkar jatekoa daude.
Ikerketak nabarmentzen duenez, erosleek gaizki gordetzen dute janaria etxean, eta horren ondorioz aldez aurretik alferrik galtzen zaie.
Estatu espainoleko hamar biztanleetatik batek ez du inoiz ez beirarik, ez plastikorik, ez paperik berziklatu, Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) inkesta baten arabera.