GARA > Idatzia > Mundua

ELN gerrillak bahitu zuenean izandako bizipenak jaso ditu Asier Huegunek

p029_f01_148x080.jpg

Ainara LERTXUNDI | DONOSTIA

Asier Huegun donostiarra 2003ko irailaren 12an bahitu zuen Kolonbiako ELN gerrillak. Haren eskuetan bi hilabete eta erdi egon zen, ingeles bat, alemaniar bat eta lau israeldarrekin batera. Egun luze horietan, eguneroko bat idatzi zuen barnea nolabait hustu ahal izateko. Zirriborro horietan jasotako bizipenak, sentimenduak eta ezinegona Gari Udabe kazetariaren laguntzarekin idatzi berri duen «Kolonbian bahituta, 74 egun ELNren esku» liburuaren ardatza dira. Atzo aurkeztu zuten urte luzez idazten eta osatzen egon diren kontaketa hori, lehenengo pertsonan idatzita eta egunez egun. Mikel Soto Txalapartako editorearen hitzetan, «testigantza hutsa baino sakonagoa den liburua» da. Kolonbiako eta, bereziki, Santa Martako nekazarien egoerari ere erreparatzen dio. Bertako nekazari eta indigenen egoera salatzea izan baitzen bahiketaren helburua.

«Oso esperientzia latza eta gogorra izan zen, baina itzal beltz hori ez dut gainean izan, hein batean guztia ondo atera zelako», nabarmendu zuen Huegunek berak. Bederatzi ataletan banatua, gertakarietan, bahituen arteko harremanetan eta bahitzaileen eta bahituen artekoetan sakontzen du liburuak. «Espero dugu irakurlea bera bahitzea», esan zuen Udabek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo