GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Txapelketak

Floren Nazabalek Nafarroan ez du aurkaririk aurkitu

Etxarrikoak herrialdeko txapela jantzi zuen, bigarren sailkatu zen Rekondori bost minutu kenduta. Larretxea erretiratu egin zen gerriko minak jota.

p043_f02_097x100.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek irabazi zuen herenegun Nafarroako Txapelketa. Etxarriko aizkolaria zen txapela bereganatzeko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren sailkatu zen Jon Rekondori bost minututik gorako aldea kendu zion. Berririk txarrena, berriz, Donato Larretxeak eskaini zuen, gerriko minak jota, lanak bertan behera utzi behar izan baitzituen.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Lehen kana-erdikoa botatzen azkarrena Erasun izan zen, segundo bat kendu baitzion Nazabali, baina hortik aurrera jaun eta jabe izan zen txapelduna. Borroka bigarren posturako egon zen Rekondoren eta Erasunen artean, baina leitzarrak azkeneko bi enborretan ihes egin zion, bigarren postua eskuratzeko.

Atutxatarrek irabazi zuten atzo Zallan jokatu zen Bizkaiko Binakako Txapelketa. Hemen ere ez zen inongo ezusterik izan. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Atutxatarrek hasieratik egin zuten ihes, eta garaipen erosoa lortu zuten.

Bilboko Deustu auzoan jokatu zen torneoa, berriz, Pellejerok irabazi zuen. Aresokoa Saralegiren ordez joan zen, eta azkenean txapela beretzat izan zen, finalean Mugertza III.a mendean hartu ostean. Sei aizkolari lehiatu ziren, eta Naredo asturiarra izan zen berrikuntza. Itxura oso ona eman zuen, finalerdietara ere sailkatu zen, baina sekulako betekada hartu zuen, eta horri buelta eman ezinik erretiratu egin behar izan zuen. Rodriguez II.a sailkatu zen hirugarren postuan, eta Kintana, berriz, laugarrena izan zen.

Labaienen, Nafarroako Bigarren Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatu zen, eta Jexux Etxeberriak irabazi egin zion Patxi Mindegiari, eta azken hau Hirugarren Mailara jaitsiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo