GARA > Idatzia > Kultura

Altxerriko koben aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa

Aiako haitzuloen sekretuak ezagutzeko aukera izango dugu udalerrian bertan prestatu duten erakusketari esker. Besteak beste, animaliak irudikatzen dituzten historiaurreko marrazki zein grabatu ugari daude koba barnean. Urteurrena dela-eta, erakusketa ez ezik, Donostiako Victoria Eugenia antzokian omenaldia egingo diete 1962. urtean pinturak aurkitu zituzten Aranzadiko espeleologoei, iragana eta oraina elkartuko dituen ikuskizun berezi batean.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Altxerriko haitzuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatuko du Aiak, bertako ondareari buruzko erakusketa prestatuz. Kobazulo hauek, Ekain haitzuloarekin batera, Gipuzkoako garrantzitsuenak dira, bertan aurkitutako labar-pinturei eta grabatuei esker.

Ekainekoa garrantzitsua bada bertako pinturetan aurkitutako kolore desberdinengatik, Altxerrikoa irudikatzen diren animalien ugaritasun eta aniztasunagatik da nabarmena.

Bisonteen marrazkiak dira anitzenak -68-, baina elur-oreinak, ahuntzak, zaldiak, arrainak, uroak, oreinak, hartzak, hegaztiak, erbiak, azeriak, sarrioak, sugeak, eta bestelako animaliak ere badaude. Guztietan garrantzitsuena bost metroko bisonte bat da, Europako handienetakoa.

Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak azaldu zuenez, Juan Cruz Vicuña, Javier Migliaccio eta Felipe Aranzadi Elkarteko espeleologo gazteek 1962. urtean pinturak aurkitu zituztenetik ikerketak ez dira eten. Horregatik, jada aurkitu dituzten pintura guztiez gain badago aukera oraindik gehiago aurkitzeko.

Izan ere, antropologoari deigarria iruditzen zaio bi galeria daudela; behekoa, sarrerarekin konektatua, eta goikoa, 20 metrora. Bertara igotzeko ia eskalatu egin behar da, eta horregatik Aranzadikoek uste dute goiko galeriara sarbidea errazten duen beste aho bat dagoela. Hori hala bada, posiblea da galeria ezagutzen duguna baino zabalagoa izatea, eta beraz, pintura gehiago topatzea.

Aztarnategia ere ez dute aurkitu oraindik, eta sarrera ezezagun horretatik gertu egon daitekeela uste dute. Sua egiten zuten tokia edo lan eta ehiza tresnak nonbait aurkitzekotan, bertan izango zen seguruenik.

Dena ondo ulertzeko

Erakusketa arratsalde honetan irekiko dute Aiako kultur etxean eta urriaren 28ra arte izango da ikusgai, aurkikuntzaren urteurrenaren data zehatzera arte, alegia. Honen helburua, Igor Indurain Aiako udalerriko alkateak azaldu bezala, kobazuloan dagoena kanpora ateratzea eta gizarteratzea da, beste kobazulo batzuen berri badugulako, baina Altxerri ezezaguna delako. Pinturak aurkitu eta gutxira kobazuloa itxi egin zuten eta bertara sartu diren bakarrak profesionalak izan dira. Honela barruko altxorrak zaintzea lortu dute.

Horretarako, erakusketa gelan ikusgai izango dira, haitzuloaren irudiez gain, argibide-taulak eta paretak apaintzeko erabili ahal izan zituzten tresnen erreplikak. Gainera, Altxerriko pinturaren testuingurua hobeto ulertzeko, Kiputzen aurkitutako bisontearen garezurraren erreplika ere izango da ikusgai. Azken hau Kantaurialdean topatu den alerik garrantzitsuena da. Guzti honek garai hartako izakiak nola bizi ziren ikasteko balioko du.

Erakusketaz gain, azaroaren 8an Victoria Eugenia antzokian pinturak aurkitu zituzten ikerlariei omenaldia egingo diete. Bertan Atapuercako zuzendarikidea den Juan Luis Arsuaga izango da. Honek Werner Herzog zuzendari alemaniarraren «Ahaztutako ametsen haitzuloa» dokumentala aurkeztuko du, Estatu frantseseko Chauvet haitzuloari buruzkoa. Eman 3Dn eskainiko da. Horrez gain, historiaurreko artistek inspirazioa naturatik jasotzen zutenez, gaur egungo artistek ere performance bat egingo dute natura oinarri dutela: Oreka TX taldeak harrizko txalaparta jotzen duen bitartean, Juan Luis Goenaga margolariak pintatu egingo du musikak iradokitzen dionari jarraituz.

Omenaldi-ekitaldira joan ahal izateko sarrerak Internet bidez edo antzokian bertan eros daitezke 10 euroren truke. Sarrerarekin batera kobazuloen aurkikuntzaren berri ematen duen 100 orrialdeko liburu osatu bat banatuko da, Aiako erakusketan ikusitakoa hobeto interpretatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo