France 3-Euskal Herri emankizuna defendatzeko kolektiboa sortu da
Idoia ERASO | BAIONA
France 3 telebista katearen Euskal Herriko eguneroko albistegia oporretan desagertuko da. Ikasturtearen hasierarekin telebista publikoak izan dituen murrizketak direla-eta gutxituko dira Ipar Euskal Herriko emankizun orduak. Mobilizazio handiak egin dira emankizun hori defenditzeko eta urriaren 12an beste pauso bat emango dute. «Euskal Herria ez hunki» kolektiboak lehen bilkura egingo du Baionako Manu Robles-Arangiz fundazioko lokalean.
Ostiral eguerdian ondoko asteetarako mobilizazioak antolatuko dira, itxiera horri kontrakotasuna erakusteko. «Garaian CPAM, CAF edo URSSAF mantentzeko borrokatu zen bezala, orain, Pariseko Gobernua Iparraldeko ezagupen instituzionalaren geroaz bere iritzia emateko puntuan delarik, sekula baino gehiago hurbiltasuna beharrezkoa da. Beste departamenduetan erakunde bakarra izaten dute, baina gure berezitasuna ezagutuz guk bi ditugu, orain desagerrarazten entseatzen dira, baina guk ez dugu onartuko», azaldu zuen Txetx Etcheverryk. Astelehenetik ostiralera albistegia eskaintzen du France 3-Euskal Herri emankizunak, tarte bat euskaraz.
Proposatutako murrizketak Gabonetako eta Omia Sainduko oporretan albistegirik ez ematea aurreikusten du. Zerbitzu publikoa defendatzeko babes kanpaina zabala egin da, adibidez, irailaren 28an 70 pertsona bildu zituen elkarretaratze batean eta hainbat sindikaturen eta Euskal Konfederazioaren sostengua jaso zuen.