GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol skalada | Proposamen gogorrena

«The Change», Adam Ondraren muturreko leherketa berria

19 urteko eskalatzaile txekiarrak Norvegian kateatu duen bide berriarentzat 9b+ zailtasuna proposatu du; hots, munduko marrarik zailena izango litzateke. 55 metro luze da, eta bi zati ditu; lehena 9a+/b gradukoa eta bigarrena 9a-koa. Urriaren 4an igo zuen.

p048_f01_199x249.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Ez naiz jabetzen egindakoaz. Neure memoria oker ez badabil, horixe da sentitu nuena `The Change' bidea egin eta oinak lurrean jarri nituenean. Finean, inoiz izan dudan bizipen gozoena izan da. Neure aurpegian irribarre amaiezin bat marraztuta dago, eta lerrook idazten ari naizen bitartean, irribarretsu jarraitzen dut. Nahiz eta bidean egin dudan lana gogorra izan den oso, une honetan egoera ederra bizitzen ari naiz. Ez soilik 9b+ bat egin berri dudalako».

Adam Ondraren hitzak dira; 19 urteko eskalatzaile txekiarrak Flatangerren (Norvegia) askatu duen megaxedea bukatu bezain laster idatzitakoak. «The Change» du izena, eta, beste behin, Ondrak kirol eskaladaren muturreko zailtasunari astindu ederra eman dio. «Kosta egin zait 9b+ proposatzea», azpimarratu du gazteak. 9b+ «The Change» marrarentzat; hots, munduko proposamen gogorrena.

Pasa den urriaren 4an kateatu zuen 29 minutuko saioaren ondoren. 55 metro luze da, 40° eta 60° arteko eroria du eta bi zati ezberdin. Lehen luzea, 20 metrokoa eta 9a+/b gradukoa, pasa den udan poltsikoratu zuen. Ondoren, beste 25 metro luzatu (9a), eta, adierazi dugun legez, hilaren hasieran eskalatu zuen.

Momentuz, «The Change»-ren proposamena hor dago, eta, eliteko eskalatzaileen panorama ikusita, badirudi ukitu edo probatu gabe geratuko dela. Izan ere, bere kideekin alderatuta, txekiarra beste esfera batean dago. Bost 9b sinatu ondoren, 9b+ graduko proposamena egin du. Nork hartuko ote du gonbita? Hurrengo lerrook Ondrak berak idatziak dira, «The Change» bidearen inguruko xehetasunak eta hausnarketak hain zuzen ere.

«Aldatu egin nau»

Bidearen lehen 12 metroak blokekoak dira. Muturreko sei mugimendu ditu, blokean 8b+ ingurukoak. Horietako mugimendu batzuk inoiz egin ditudan eroenak. Nire uste apalean, tarte hori zailena da; hots, bidearen giltza da. 12 metro soilik, baina oso intentsuak. Beste 8 metro eskalatu ondoren, lehen katera iritsi nintzen. Tarte hori uztailean kateatu nuen.

Blokeko zati hori gainditu ostean, belaun txar batekin atseden apur bat hartzen dut. Katera oxigeno pixka batekin heltzeko aukera eman zidan. Katean nengoela, beste atseden txiki bat hartu nuen burua sabaian apoiatuta.

Bigarren luzeak erresistentzia handia eta oso intentsua exijitzen du. Limitera joan nintzen, eta azken paraboltean ia erori nintzen; desastretik hurbil ibili nintzen. Lehen 6 metroak gogorrenak dira, eta gero 8b+ gradutik ez da pasatzen. Baina, aurreratu dudanez, leher eginda joan nintzen, limitera, eta errekuperatzeko tarterik ez nuen.

Hasiera batean, bidearen lehen metroek, giltzarri direnek, buruhauste handiena emango zidatela uste nuen. Seguru nengoen goialdean errekuperatzeko astia izango nuela, baina oker nengoen. Marraren bigarren zatia ez da hain zaila, baina, erresistentzia osoa eskatzen duenez, ia-ia ezin nuen oxigenorik hartu.

Azkenean, soka bigarren katetik pasatzea erdietsi nuen, eta nire erronka bukatutzat eman dut. «The Change» Hansehelleren izeneko kobazulo batean dago. Nik neuk sortu, hornitu eta kateatu dut. Leizea ederra da oso. Aukera nuen beste 15 metro gehitzeko. Beste era batera esanda, kobaren ertzera iritsi eta aurretik dauden beste metro bertikal batzuetatik jarraitu. Baina ezinezkoa izango litzateke, sokak gehiegi egiten du tira eta ezin da eskalatu.

«The Change» proiektua amaitu eta egun batzuetara ohartu naiz oso zorionekoa izan naizela izaera horretako marra bat aurkitu eta nire limitera eraman nauelako. Ezinezkoaren ametsa izan da. Eta Flatanger aukeratzea erabaki zuzena izan da. Aitortu behar dut marra hori ez nuela aukeratu. Marra bera izan zen nire begien sakon-sakonera iritsi zena. Inoizko zirraragarriena.

Azkenean, «The Change» espero nuen bezala atera da, eta nik espero nuena eman dit. Mugimendu oso onak ditu, eta eskaladako estilo ezberdinak uztartzen ditu. Pena bakarra da bide hori ezin dela goitik atera.

Inolako zalantzarik gabe, «The Change» bideak asko aldatu nau. Egun ez noa ikastetxera, eta nire bizitza zeharo ezberdina da. Erronka hori saiatzean ohartu naiz prozesu aldakor batean murgildu naizela. Asko ikasi dut, baina jakin badakit hurrengo erronkaren hasieran agian akats berdinak egingo ditudala.

Buruarekin izan dudan borroka oso aberasgarria izan da. Xede honetan irabazi egin diot, baina badakit hurrengo batean irabaziko nauela. Bai, aldatu egin nau, eta marra berriak zabaltzeko eta hornitzeko irrikaz nago. Pozarren nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo