GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ELKARRIZKETA | Adam ONDRA, eskalatzailea

«9b+ proposatu dut, baina zalantza ugari izan ditut»

p048_f02_190x120.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Adam Ondrak «The Change»ri buruz egin duen hausnarketaren ondoren, beste xehetasun batzuk ezagutuko ditugu honako elkarrizketan.

Zure megaproiektuan lan ederra egin eta gero, ohiko dilema iritsi zitzaizun. «The Change» bidearen zailtasunari buruz hartu beharreko erabakia.

Muturreko lana exijitu dit. Pasa den udan hiru aste igaro nituen marra probatzen; saio gogorrak egin nituen. Udazkena iritsi bezain pronto, berriro itzuli nintzen. Eta bi asteko saioen ondoren, «The Change» bidea kateatzea lortu nuen.

Zailtasunak ikusita, hasiera batean 9b+ izan zitekeela pentsatu nuen. Baina bidearen hasierako giltza ondo menderatzen nuela ikusita, eta bigarren zatiaren lehen metroak ondo egiten nituela ikusita, bada, dudak izan nituen. Izan ere, bigarren bidaia horretan soilik bi aste behar izan nituen. 9b gradukoa izango ote zen? Horixe galdetu nion neure buruari. Baina berriro hasierako sekzioan erortzen hasi nintzen, eta prozesu osoa berriro aldatzen joan zen. Gogortzen joan zen bai fisikoari, bai buruari dagokienez. Egin ditudan bost 9b graduko bideak baino zailagoa da «The Change». Gainera, kontuan hartu behar da marra hori nire eskalada estilorako oso aproposa dela, eta bost asteko lana eskatu izanak argi utzi dit 9b+ dela.

Hori irakurrita esan dezakegu inoiz ez duzula hainbeste denbora pasa izaera horretako xede bat sinatu ahal izateko, ezta?

Hala da. Zalantzarik gabe inoiz kateatu dudan biderik exijenteena izan da.

Bide horretan, ez soilik kateatzeko, probatzeko ere oso baldintza perfektuak izatea beharrezkoa da. Udan zein udazkenean probatu duzu. Alde handia nabaritu al duzu?

Aitortu behar dut baldintza egokienak itxaroten denbora pasa dudala. Batzuetan, kobazulora iritsi eta ohartzen nintzen bide hori soilik hezea zegoela. Udazkenean ere nahiko hezea aurkitu dut, baina, zorionez, hotz-beroa oso interesgarria zen. Udazkeneko saioetara hurbildu baino lehen, hiru astetan euria eta euria egin zuen, eta paretak ur hori filtratzen zuen.

Kateatze eguna oso bestelakoa izan zen. Eguraldi bikaina egin zuen, bidea ia-ia lehor zegoen. Egun horretan bidea kateatzeko aukera handiak nituela ikusi nuen. Eta halaxe izan zen. Beste ekinaldi batzuetan heldulekuak pixka bat bustita zeuden, eta ezin izan nuen dena eman. Hilaren 4an ezberdina izan zen. Heldulekuak ondo estutzen nituen, eta limitera joan arren, bidean gora jarraitzeko aukera izan nuen. Eta ohartu nintzen posiblea zela.

«The Change» kateatzen ikusi zintuztenek diote ez zenuela sinesten. Zuk, zer diozu horri buruz?

Udan zein udazkenean egin nituen ekinaldiak ikusita, argi neukan denboraldi honetan ez nuela kateatzeko aukerarik izango. Behin eta berriz erortzen nintzen, eta horrek guztiak buruari eragin zion.

Aipatu dudan bezala, baldintzak ere ez ziren egokienak. Eta horren ondorioz, sasoia galtzen joan nintzen. Alabaina, orain pozarren nago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo