GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Joel Tudor Invitational: Seigarren txapelketa Biarritzen

Longboardaren historian izan den surflari onenak, sei urte daramatza gonbidatuz osatutako lehiakideekin txapelketa bat egiten.

p054_f01_148x144.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Longboardaren historian aipatu gabe utzi ezin den surflaria da Joel Tudor. Modalitate honek hila zirudienean, taula motzak aurrez izandako guztia ezabatuko zuela zirudien unean, berau berpiztu eta berriztatzea lortu zuen Tudorrek.

Taula luzea edo longboarda bakarrik ez, 1960ko hamarkadako bi lemako taula motzak eta lema bakarreko taula luze eta zorrotzak ere berreskuratu zituen Tudorrek.

Txikotik ez zen garaian ibiltzen ziren modu berean surfa egiten hasi zen, eta estiloak duen garrantzia berreskuratu zuen.

Lehengo taulen diseinuak arrakasta handia izan du azken urteetan eta «retro» moduan ezagutzen dira, alegia, lehengora itzultzeko saiakera bat da.

Tudorrek ordea, tresneria bitarteko gisa du, beretzat helburua ez da lehengo materiala berreskuratzea, estiloak duen garrantzia azpimarratzea baizik, eta egiten dituen urratsak norabide horretan zuzentzen ditu. Iparrorratza estiloa bera da.

Zentzu horretan, Tudorrek antolatzen dituen ekimenen artean dago Biarritzen urtero antolatzen duen txapelketa.

Urtero txapelketa bat antolatzen du Biarritzen Joel Tudorrek, Tudor Duct Tape Invitational, berak zuzenean gonbidatutako surflariekin.

Bere irizpideen arabera munduko surflari onenak hautatzen saiatzen da Tudor, eta zerrendan duen jendeak estilo aldetik ekarpena egin dezakeelakoan, txapelketan parte hartzera gonbidatzen ditu.

Txapelketa Biarrizko Euskal Kostaldea hondartza mitikoan izaten da. Europan surfa hedatzen hasteko lehen urratsak egin ziren hondartza berean alegia.

Tudor orain hogei urte izan zen lehen aldiz Biarritzen, Nat Young surflari legendarioarekin eta ordutik modu iraunkorrean ibili izan da Europara surfa zabaldu zuen hondartza famatuan surf egiten.

Aurtengoan, Harrison Roach australiarrak irabazi du txapelketa bitxi honen seigarren edizioa izan dena.

Longboard modalitatean munduko onenetakoak diren hamasei surflari izan ziren gonbidatuak txapelketa honetara. Joel Tudor berak egiten ditu gonbidapenak eta lehiakideen estilo paregabea erakustea du helburu. Saritan 10.000 dolar amerikar banatzen dituzte, beraz ez da nolanahiko txapelketa.

Lema bakarreko taulan, eta txikotik gabe, ariketak ahalik eta estilo onenarekin egin behar dituzte lehiakideek. Helburua, horrela, surf egiteko modu horrekin, belaunaldi berriak erakarri eta inspiratzea da. Ohiko taula motzarekin egiten den surfaz harago, beste zerbait ere badela erakutsi nahi dute antolatzaile eta parte hartzaileek.

Finalean Alex Knost eta Tyler Warren kaliforniarrak, James Parry ingelesa eta Harrison Roach australiarra izan ziren. Mareak gora egiten zuen neurrian arrokak eta hondartza inguratzen duen horma gero eta gertuago zituzten lehiakideek. Ikusleek ordea, gertuago zituzten surflariak eta horrek, zalantzarik gabe, ikuskizuna aberatsagoa bilakatzen zuen.

Epaileek irizpide ugari hartzen dituzte kontuan halako txapelketetan, baina garrantzitsuenak teknika, estiloa eta olatuen aukeraketa izaten dira.

Gauzak horrela, aipatu irizpideen arabera, puntu gehien bildu eta txapela eskuratu zuena Harrison Roach izan zen. Eskuin olatu luzeetan, surf garbia eta teknikoa erakutsi zuen australiarrak, eta ariketak zailtasun handirik gabe egiten zituen. Modu horretan, mugimendu bakoitzean ariketak berak baino, garrantzi handiagoa hartzen zuen surflariak erakusten zuen klase eta estiloak.

Bosgarren postua Alex Knostentzat izan zen, hirugarren postua Tyler Warrenek eskuratu zuen. Eta, laugarren postua James Parryk.

80ko hamarkadaren bukaera aldera hasi zen taula handi baten gainean belauniko arraun egin eta surf egiten Tudor gaztea. Aurrez, ez zuen surfak larregi erakartzen, tarteka aitarekin bodyboard egitera joaten zen, baina gogo handirik gabe. San Diego utzi eta senideekin Mexikora oporretara joan zen batean hartu zuen longboardarekin ibiltzeko zaletasuna.

Joe bere aitak longboard handi batekin egiten zuen surf, eta Puerto Vallartako hondartzan itsasoratu ziren aita-semeak surf egitera lehen aldiz. Laster gainditu zituen aitaren taula gaineko abileziak, eta baita longboardeko munduko gainontzeko surflari guztienak ere.

Oso erraz menderatzen zuen taula erraldoi batekin ibiltzen zen hasieran eta txapelketetan parte hartzen hasi zen. Lagunek «Tinkerbell» deitzen zuten, garaiera urriko mutiko ilehori ñimiño hark Walt Disneyko kanpaitxo maitagarriaren antza baitzeukan.

1992an, 14 urte zituela «On Safari to Stay» filmean agertu zen longboardaren gainean espaloian doan oinezkoa bezala ibiltzen. Garaiko komunikabideen kuttuna bilakatu zen orduan, eta urte berean lehen aldiz txapelketa profesional batean hartu zuen parte.

Bi urte beranduago Nat Young surflari mitikoak Oxbow marka promozionatzeko antolatu zuen bidaia batean parte hartzera gonbidatu zuen eta elkarrekin bidaiatzen izan ziren hiru urtez jarraian.

1992an, Oxbow marka munduko longboard txapelketa urtero leku desberdin batean antolatzen hasi zen. Tudorrek gainontzeko lehiakideek baino maila hobea zuela erakutsi zuen, baina ez zituen emaitza onak lortzen.

Azkenean, 1999an lortu zuen hainbeste desiratzen zuen garaipena, Kanaria uharteetan: «Lasaitu ederra hartu nuen garaipen horren ostean. Ni ez naiz galtzaile bat eta badut zer erakutsi».

Munduko longboard titulua birritan eskuratu arren eta txapelketa munduan sekulako emaitzak eskuratu arren, Tudorrek ez zuen izan nahi longboardeko surflari soil bat, eta bestelako gauzekin esperimentatzen hasi zen.

Taula mota ugari zuen etxean Tudorrek. Bi lema eta enara ipurdia zuten «Fish» motako taula zabal eta laburrak. Lema bakarreko taula luzeak, alegia, 60ko eta 70eko hamarkadan erabiltzen ziren taulak, baita bestelako taula bitxiak ere. Eta olatuen arabera, bateko edo besteko taularekin itsasoratzen zen.

Tuboak egiten maisua, mundu guztiko surflarien begirunea eskuratu zuen eta taula egile zein diseinatzaile askoren begiak ere ireki zituen.

Pipelinen, Gerry Lopezek 70eko hamarkadan olatu hura menderatzeko erabili zuen taula berarekin itsasoratu zen eguna kondairazkoa izan zen. Urautsiko jendetza guzti hartatik bereizi zen Joel Tudor.

Donald Takayama taula egileak Tudorrek berak diseinaturiko taula merkaturatu zuen, «Joel Tudor» taula, eta longboardaren historian salmenta handienak lortu zituen diseinua izan zen. Denborarekin ordea, Tudorrek marka propioa sortu zuen.

Tudor, itxuraz behintzat, aparteko esfortzurik egin gabe, ariketa oso zailak egiteko gai da taula gainean, eta estiloa irudikatzen du. Estiloa singularrean.

«Estiloa ez da hil», dio Tudorrek, «oraindik hor da, soilik denbora pixka bat eskaini behar zaio, eta aurkituko duzu. Surfingaren arima da».

tudor biarritzen

Tudor orain hogei urte izan zen lehen aldiz Biarritzen, Nat Young surflari legendarioarekin eta ordutik sarri ibili izan da Europara surfa zabaldu zuen hondartza famatuan surf egiten. Azken sei urteetan bertan antolatu du bere izena daraman txapelketa.

arima estiloa

Tudor taula gainean oso ariketa zailak egiteko gai da, itxuraz behintzat aparteko esfortzurik egin gabe, eta estiloa irudikatzen du. Estiloa singularrean. «Estiloa ez da hil», dio, «oraindik hor da, soilik denbora pixka bat eskaini behar zaio, eta aurkituko duzu. Surfingaren arima da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo