GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Zibilizatu gaituzte

Surflari ernegatua

Atzokoa bezalako egun batez, justu orain hamar urte, Bolivian ziren azken zortzi McDonaldsetako ateak itxi zituzten. Bost urte eskas baino ez zuen iraun, bere kultura eta ohituren arabera bizitzen jarraitzen zuen herrialde hura «zibilizatzeko» azken saiakera hark. Inork ez zituen debekatu. Gertatu zena, zera izan zen, etxean egindako jaki goxoek «progresoa» menderatu zutela. Ez besterik.

McDonaldsak maite dituen lagun batek Hawaiira egin zuen bidaia batean, surf munduan kondaira bizia diren zenbait pertsonaia zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen. Bere etxeko logelan, ohe ondoko horman duen poster bateko surflaria aurkeztu ziotenean, honek zera esan omen zuen: «Euskalduna? Jende jatorra. McDonaldsak erretzen dituzue».

Orain urte batzuk, Marokon surf egiten izan nintzenean, haluzinatu egin nuen nire bidaideekin. Lo egiten genuen hotelean izugarri afari goxoak eskaintzen zituzten, aukera aski zabala zen eta gainera ostatu hartzeagatik ordaintzen genuen prezioaren barruan sartzen zen menu exotikoa. Hala ere, lagun bakar batekin afaltzen nuen, beste hiru lagunek, autoa hartu eta gauero 23 kilometro egiten baitzituzten Agadirreko McDonalds batean plastikoa jan eta sortzeko.

Askotan esaten didate surf eskolara etortzen diren bezeroek gurean McDonaldsak falta direla, eta nik, Bolivian bezala, hemen arrakastarik ez luketela izango erantzuten diet, nahiz eta egiaz, zalantza handia dudan. Zeren surflari batek natura maite duela eta ondorioz, ikuspegi ekologiko batetik jasangarria den jarrera ahalik eta koherenteena izaten saiatuko dela pentsa daiteke, baina errealitatean ez da horrela. Gu aspaldi «zibilizatu» baikintuzten.

Inoiz putetxe batean izan zarete? McDonalds batean gauza bera gertatzen da. Inguruan jende guztiak halako lekuak ez dituela gogoko dioen arren, bertaratzen zaren egunean herri erdiarekin, eta ispiluan islatzen den zure mozolo aurpegiarekin egiten duzu topo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo