GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Txantxaren aroan ote gaude

Krisia aitzakia, murrizketen bidez atzera egiten ari gara, leku guztietatik ari zaizkigu dena garestitzen, zergak igotzen, hileroko aldapa gehiago inklinatzen, eta eskubideak, laguntzak eta aukerak beheratzen. Milioika lagunen bizitzetan eragin larriak gertatzen ari dira, eta berdintasun eta zuzentasunerantz hurbildu beharrean, pertsonon arteko are arrakala sozioekonomiko handiagora garamatzate. Hori nahikoa ez, eta hara non epaileei ere euren aletxoa jarri behar dutela otu zaien. Euren aletxoa jendartea are gehiago nahasteko, epai baten bidez aspaldiko joeretara eginez, legearen interpretazioaren esparru berez korapilatsuan. Kasu honetan, epaile hauen irizpidea orokortuz gero, emakumeoi dagokigunez egingo genuke atzera, emakumeon segurtasun eta babesean, eta zer esanik ez duintasunean. Horrela, aurreko egitura matxista eta patriarkalak berriz onetsiko lirateke, baita bermatu ere, emakumeon kontrako indarkeria gaitzesteko eta erauzteko egindako lan guztia ezerezean utzita.

Madrilgo Auzitegi Probintzialeko epaileen aburuz, lanean nagusiak bere langileei horiek nahi gabe ezpainetan musuak ematea, ipurdia ukitzea, «maitasunezko» gutunak bidaltzea, hotel batera lo-kuluxka egitera gonbidatzea, bere desira sexuala etengabe adieraztea... ez da lan esparruko sexu-jazarpen kasu bat. Hori guztia, gainera, aldi berean langile bati baino gehiagori egin izanak ere ez omen du nagusiaren izaera jazarlea erakusten; badiote, epaile hauek, agian abusuaren barruan sar litezkeela egitateak, baina inola ere legean jazarpen gisa definiturikoaren baitan; izan ere, antza, oso zorrotza baita definizioa; beraz, jazarleak tipifikaturikoa puntuz puntu bete ezean, ez dago nondik harrapatu. Epaiak, gainera, indargabe utzi du aurretik beste epaitegi batek emandakoa, jazarlea kondenatu zuena, frogatutzat jota salatuaren kontrako karguak. Hierarkiaren munduan, baina, izorra hadi! Ironikoa da, zinez, kode penalean abusua jazarpena baino delitu larriagoa izatea, eta epaileek onartu egin dutela balitekeela delitu hori egin izana salatuak, baina bere kontrako salaketa ez zenez hori, beste barik aske geratu da bere bizitzan inolako ondoriorik gabe. Emakume langile horiek biek, aldiz, depresioa jasan dute, besteak beste, eta horrez gain, ziur asko, sekulako ergel aurpegia izango dute oraindik ere, ez baita gainditzen erraza babestu behar zaituen sistema judizialak ziria nola sartzen dizun ikustea.

Horixe besterik ez genuen behar orain. Emakumeok sistematikoki pairatzen dugun gaitz sozial horren aurrean babesteko sorturiko eta garaturiko legeen aplikatzaileek legeon izaeraren kontrako mezua, doktrina, zabaltzea. Finean, kasu larri-larriak izan ezean, ziur asko, gutxienekoak, gizonezko jazarlea babestea. Batzuetan, benetan, badirudi txantxaren aroa bizitzen ari garela, inolako barregurarik eragiten ez diguten txantxak alde guztietatik. Kasu honetan, espero dut Auzitegi Goreneko epaileek garbi izatea zer dagoen jokoan, legezko trikimailu zikinetan ibili barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo