Giza-proba | Finala
Berrobiko taldeak jantzi zuen Gipuzkoako txapela
Eguraldi txarra izan arren, 1.100 ikusle inguru batu ziren Zizurkilen.
Jon LEUNDA
Berrobik irabazi zuen atzo Zizurkilen jokatu zen Gipuzkoako taldekako txapelketa. Bukaeran ez zuen alde handirik lortu, baina bai irabazteko adina, eta amaieran ez ziren haserre.
Eguraldi oso petrala izan zen atzo arratsaldean, baina garbi ikusi zen kirol hau modan dagoela. Jende gaztea ari da lanean, eta horrek jende gaztea eramaten du saioak ikustera. Eguraldia ez zen aitzakia izan, eta 1.100 ikusle inguru batu ziren Zizurkilen final hau zuzenean ikusteko asmoz.
Taldeak zortzi lagunez osatuta joan behar zuen, eta 660 kiloan sartuta. Hortik Orio bakarrik pasa zen, eta 11 kilo gehiago eraman behar izan zituen. 950 kiloko harria erabili behar izan zuten, ordu laurdeneko bi txandatan. Horrela bi talde batera aritu ziren, eta gero harria aldatu behar izaten zuten.
Garaipena Berrobik eskuratu zuen, eta oso lan ona eginda, gainera. Amaieran 81 plaza, 7 zinta eta 2,35 metro egin zituen. Ez zuen tarte handiegia lortu, baina horren beharrik ere ez da izaten kirolean, irabazteko lortutakoa nahikoa izaten baldin bada. Bigarren postuan sailkatu zen Urretxu, eta talde honek 81 plaza, 4 zinta eta 0,67 metro egin zituen ordu erdian.
Iaz Oriok jantzi zuen txapela, eta atzoko beraiek izan zitezkeela faborito esaten zen, nahiz eta denek aitortzen zuten alde handirik ez zela egongo. Hala, lehen hiru sailkatuen artean ez ziren alde handiak egon, nahiz eta atzo arteko txapeldunek irabazleek baino bi plaza gutxiago egin zituzten. Amaieran 79 plaza, 3 zinta eta 2,34 metro egin eta podiumean leku bat lortu zuten Orioko taldekoek.
Azkena, berriz, Aiztondo sailkatu zen, eta honek beste hirurek baino marka apalagoa egin zuen. Amaieran 73 plaza, 4 zinta eta 0,68 metro egin zituen, eta podiumetik kanpo geratu zen. Atzo ere garbi ikusi zen kirol honek zer nolako etorkizuna duen. Aurtengo Gipuzkoako Txapelketan aritzeko izena eman dutenak baino askoz ere talde gehiago ari dira kirol honetan, eta datozen urteetan txapelketan parte hartzeko taldeen zerrenda gehitzen joan daiteke.