Ipar Euskal Herriko tabako saltzaileak kexu dira tasak berriz igo dizkietelako
GARA | URRUÑA
Tabako saltzaileek Ibardineko bentak hautatu zituzten joan den igandean izandako tasa igoera berria dela-eta beren haserrea agertzeko.
Aduana ohietan kokatuta, ehun bat saltzailek ibilgailuak geldotu eta eskuorriak banatu zituzten pairatzen duten egoera salatzeko.
Urriaren hasieran %6,5 emendatu da tabakoa (%10 biltzekoa), Hego Euskal Herriko prezioekin dagoen aldea areagotuz. Igoera bakoitzean merkatu beltza, mafietako sareak, mugen arteko salerosketak eta internet bidezko iruzurrezkoak mesedetu besterik ez direla egiten uste dute tabako saltzaileek. Horregatik «premiazko» deritzote Europa mailan zigarro paketeen salneurria bateratzeari.
Azken hamar urteotan 60 estanko itxi dira Ipar Euskal Herrian (egun, 110 bat daude).