GARA > Idatzia > Mundua

Filipinetako Gobernuak eta Fronte Mairua gerrillak bake akordioa sinatu dute

Filipinetako Gobernuak eta Askapen Islamiarreko Fronte Mairuak (MILF) bake akordioa sinatu zuten atzo. Gerrilla aurten hasi eta 2016ra arte desarmatzeko lanetan arituko da, urte horretan akordioan aurreikusitako Bangsamoro eremu musulmana jaio artean.

p025_f01-199x108.jpg

GARA | MANILA

Filipinetako Gobernuak eta Askapen Islamiarrerako Fronte Mairua (MILF) bake eremurako akordioa sinatu zuten atzo, lau hamarkada luze iraun duen eta ehunka mila hildako laga dituen gatazka armatuari amaiera emateko.

Benigno Aquino Filipinetako lehendakariak eta Al Haj Murad Ebrahim MILFeko buruzagiak Manilako Malacañang Jauregian jarraitu zuten akordio historiko honen sinatzea. Sinatutako dokumentuak herrialdearen hegoaldean lurralde musulman baten sorrera aurreikusten du.

«Gaur, azkenik benetako bake iraunkor bat ahalbidetu dezakeen esparru baten akordioa sinatu dugu Mindanaon. Akordio honek gure historian kapitulu berri bat ireki du».

Marvin Leonek -Gobernuaren aldetik- eta Mohager Iqbal ek-gerrillaren aldetik-, akordioaren negoziazio lanetan aritu diren bi taldeen arduradunek, datozen lau urteetan Bangsamoro lurraldea eratzea aurreikusten duen agiria sinatu zuten. Izena euren arbasoak bizi ziren eta gobernatu zuten lurralde musulman filipinarraren berbera da.

«Gaur, Bangsamororen eta nazio filipinarraren arteko gatazkak amaitzeko elkartu gara hemen», adierazi zuen Muradek bere mintzaldian. Jauregira iritsitakoan bertan bildutakoei Malacañangen zegoen lehen aldia zela eta bake asmoz zetorrela adierazi zien.

Ekitaldian Gobernuaren zein gerrillaren ordezkaritzek hartu zuten parte, baita goi kargudun publikoak, diplomatikoek eta Najib Razak Malaysiako lehen ministroak. Malaysia azken hamaika urteetako negoziazio saio gehienen egoitza izan da.

Gerrilla honetako 12.000 militanteek, herrialdeko erakunde armatu handienak, jada akordioa sinatuta, desarmatzeari ekingo dio. 2016rako amaituko dute hori, hain zuzen, Bangsamoro jaio eta egungo Mindanao Musulmaneko Eremu Autonomoa ordezkatzen duenerako.

Mindanao Musulmaneko Eremu Autonomoa 1989an ezarri zen, eta Basilan, Jolo, Hego Lanago, Maguindanao eta Tawi-Tawi probintziak biltzen ditu, guztiak herritarren gehiengo islamiarra duten eremuak dira.

Datozen asteetan talde misto bat sortuko da Filipinen hegoaldeko gehiengo islamista duten herri edo eremuak identifikatu eta erreferendum bidez Bangsamororen parte izan nahi duten ala ez galdegiteko.

Antzina, Filipinetako hegoaldea musulmanen esku zegoen, baina migrazioaren ondorioz, urteen poderioz, gutxiengo (soilik herritarren %5) izatera iritsi ziren.

100.000 eta 150.000 pertsona, %20 zibilak, galdu dute bizia azken lau hamarkadetan izandako Filipinetako Armadaren eta hegoaldeko talde armatu musulmanen gatazkaren ondorioz, herrialdearen garapen ekonomikoa ere geldiaraziz.

mairuen herria

Akordioa sinatzeak «Bangsamoro -Mairuen herria- eta nazio filipinarraren arteko borrokak amaitzeko» balio duela adierazi zuen Al Haj Murad Ebrahim MILFeko buruzagiak Malacañang jauregian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo