Ibon Ajuria Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako sailkatu da Balmasedan
GARA | BILBO
Ibon Ajuria gernikarrak eskuratu zituen puntu gehien igandean jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan. Balmasedako Klaret Antzokian izan zen saioa eta, 431,5 punturekin, zuzenean sailkatu da Ajuria finalaurrekoetarako. Gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute aukera.
Honela gelditu ziren sailkapenean, hurrenez hurren: Gorka Ostolaza (413), Eñaut Uruburu (354), Xabat Galletebeitia (349,5), Ander Salaberria (329) eta Itxaso Paia (319).
Datorren igandean, hauteskundeak direla-eta, Bizkaiko Txapelketak atsedena izango du eta, ondorioz, hurrengo bi kanporaketak urriaren 27an eta 28an izango dira. Mungiako Olalde aretoan, Ander Elortegi, Fredi Paia, Iñaki Iturriotz, Malen Amenabar, Peru Vidal eta Txaber Ormazabal arituko dira 27an eta Sopelako frontoian, Ekaitz Larrazabal, Gari Sarriugarte, Gorka Lazkano, Igor Elortza, Joseba Artza eta Nerea Ibarzabal, hilaren 28an.
Atseden hartuko ez duena Xilaba Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketa izango da. Larunbat honetan jokatuko da lehenengo finalaurrekoa Hendaiako Varietes Zineman, 17.00etan hasita.
Bertan izango dira Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Maindi Murua, Xumai Murua, Ortzi Idoate eta Gillen Hiribarren. Bigarren finalaurrekoa hilaren 27an jokatuko da Donibane Garazin. Odei Barroso, Sustrai Colina, Maddi Ane Txoperena, Maddi Sarasua, Egoitz Zelaia eta Ramuntxo Christy arituko dira.