GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Espetxeko zuzendariari eskutitza

p006_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

EH Bildu koalizioaren ordezkaritza bat Logroñoko espetxera joan zen atzo bertako espetxe zuzendariari gutun bat emateko asmoz. Pernando Barrena, Marian Beitialarrangoitia, Unai Ziarreta, Joseba Gezuraga, Rebeka Ubera, Dani Maeztu, Amaia Agirresarobe eta Arturo Muñozek osatu zuten ezkerreko koalizioaren ordezkaritza. Espetxe zuzendariak uko egin zion gutuna jasotzeari, eta beraz, EH Bilduko ordezkariek iragarri zutenez, posta bidez helaraziko diote.

Ziarretak, Barrenak, Agirresarobek eta Uberak sinatzen duten eskutitza Arnaldo Otegiren kontra irekitako espedientearen karietara idatzita dago, eta bertan gogora ekartzen dute preso dagoen buruzagi abertzaleari komunikazio guztiak debekatu dizkiotela, hain zuzen, iragan astean BEC-en egindako ekitaldian bere adierazpen batzuk entzun zirelako. Alde horretatik, sinatzaileek kartzelako zuzendariari gogora ekartzen diote kartzela zigorrak ez liekeela eragin behar parte-hartze politikoaren eskubideari, adierazpen askatasunari eta sufragio aktiboaren eskubideari, eta, beraz, Otegik eskubide horiek erabil ditzakeela telefono dei baten bitartez, BECen egin bezala. Nabarmentzen dute, baita ere, Otegiren adierazpenaren xedea Euskal Herrian irekitako bake prozesuari babesa ematea eta bide politikoen alde egitea izan zela, eta, testuinguru horretan, EH Bildurentzat boza eskatzea. Eta hori guztia «erabat demokratikoa» dela nabarmentzen dute.

Presoen parte-hartzea

Honekin batera, eta kasu zehatz honetaz harago, EH Bilduko kideek uste dute egungo prozesuan euskal preso politikoen parte-hartzeak «garrantzi handia» duela. «Beraien ahotsa kontuan hartu behar da, bai beraien egoeraren konponbideari dagokionean, eta baita ere euskal gizarteak beharrezkoa duen adiskidetze eta normalizazioari dagokionean».

Hau esanda, Ziarretak, Barrenak, Agirresarobek eta Ubedak Logroñoko kartzelako zuzendariari eskatzen diote Arnaldo Otegiren kontrako inkomunikazio neurriak bertan behera uzteko, eta irekitako zigor-espedientea ixteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo