Kontseiluak manifestazioa iragarri du, abenduaren 1ean, Donostian
GARA |
«Euskaraz bizi nahi dut dinamika» orain bi urte abiarazi zuen Kontseiluak, eta bultzatzaileek adierazi dutenez, egiaztatu dute asko direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak, «nahi hori egunero, determinazioz» aldarrikatzeko prest daudenak. Txanponaren beste aldean Administrazioa kokatu dute, euren iritziz ez baitira euskaraz bizi ahal izatea posible egiteko beharrezkoak diren bitartekoak jarri.
Bi egoera hauek aintzat hartuta, Kontseiluaren ustez abagune ezin aproposagoa da «herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari» jaramon egiteko. Hala, manifestazioa iragarri dute abenduaren 1erako, Donostian.
Deialdia iragartzeko agerraldi irekia antolatu du Kontseiluak: urriaren 30ean, hiriburuko Miramar jauregian, 18.30ean. Bertan parte hartzera deitu dute «euskaraz bizi nahi duen oro».
Agortuta dagoen tresna
Bestalde, Gasteizko Euskalgintzak Udal Euskara Kontseilua agortutzat jo duela iragarri du, «ez baita tresna baliagarria ez Euskara zerbitzuaren lana errazteko, ezta euskalgintzaren beharrak asetzeko ere», adierazi zuen ohar bidez.
Udalarekiko dituzten konpromiso guztiak beteko dituzte halere, eta Euskara zerbitzuarekin duten elkarlan eta harremanari bere horretan eutsiko diote. Era berean, erabaki honek Gasteizko Euskalgintzak garatzen dituen proiektuak ez dituela oztopatuko iragarri dute.