GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

AURKEZPENA

Xala izango da Hendaian eraiki duten trinket berriaren aita pontekoa

p050_f02.jpg

A.A.

Hendaiako trinket berriaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten bertako herriko etxean, Yves Salaberry Xala pilotari lapurtarra ohorezko gonbidatu gisa hartuta. Trinket berria Daniel Ugarte ezker paretako pilotalekuaren alboan dago kokatuta, Beltzenia auzoan, eta Gaztelu Zahar frontoi irekiarekin batera Hendaiako pilota eskaintza osatzera eta zabaltzera dator.

Trinket berriari esker, herriko biztanleek nazioarteko -larruzko paleta, xarea eta gomazko paleta- zein tradiziozko -esku huska edota pasaka- jokamoldeak ikasi ahal izango dituzte, herriko agintariek harro adierazi zutenez.

Eraikuntzari dagokionez, lanen arduraduna Hoarau arkitekto hendaiarra izan da, eta 1,5 milioi euro inguruko kostua izan du. Hori bai, diru horren %20 Kirolaren Zentro Nazionalak eta Kontseilu Nagusiak jarri dute. Ehun bat ikusle pasatxo sartzen dira guztira -goiko solairuan 64 eserleku eta elbarrituentzako 9 jarleku ditu- eta kantxaren neurriak arauzkoak dira: 28,5 x 9,3 metro.

Gainera, trinket berria ezker paretari lotuta dagoenez, azken horren eserleku kopurua handitzeko ere baliatu dituzte eraikuntza lanak. Orain, 1.500 pertsonarentzako lekua izango du Beltzeniako ezker paretak, segurtasun arau guztiak behar bezala betez. Bi ekipamenduak elbarrituentzat erabat irisgarriak dira eta eta pilotalekuko taberna ere zaharberritu egin dute.

Final-laurdenetako egutegia

Inaugurazio ekitaldia datorren ostiralean egingo dute. Ospakizunen artean, Xalak aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketan jokatuko duen lehen partida, aldameneko ezker paretan. Final-laurdenetako lehen neurketa izango da, eta aurkaria Titin III.a edo Arretxe II.a izango da. Larunbatean, Olaizola II.ak Labriten jokatuko du, Bengoetxea VI.aren edo Urrutikoetxearen kontra. Irujoren txanda igandean izango da Eibarren, Saralegi edo Retegiren aurka. Eta Barriolak astelehenean jokatuko du Gernikan, Olaizola I.aren edo Berasaluze VIII.aren kontra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo