GARA > Idatzia > Ekonomia

Haurrak eta Le Foll ministroa, aurtengo Lurrama azokaren irekierako protagonista

p034_f03.jpg

Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ

Eguraldi kaskarra ez zen aitzakia izan atzo Lurramara inguratu nahi zuenarentzat. Izan ere, Biarrizko Iraty aretoaren azpiegiturak aterpe ederra eskaintzen du denentzat, bai kabalentzat, bai beren ekoizpenak saltzen dituzten laborarientzat edota bisitarientzat.

Atzokoan nabarmena zen haur txikien presentzia. Ipar Euskal Herriko ikastetxeez gain, inguruko lurraldeetatik ere bertaratu ziren beraientzat bereziki bideratua den egunean. Orotara, 1.600 bat ikasle berriro ere aho bete hortz geratu ziren behiak, euskal txerri-ama bere txikiekin, ahateak edo zaldiak ikusterakoan.

Ez hori bakarrik, beraiei zuzendutako tailer pedagogiko eta jolas andanarekin ere ederki gozatu zuten erakustazokaren zazpigarren edizioan.

Bisitarien artean, urtero bezala -batez ere ekimena sustatu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) Estatuko administrazioarekin izandako liskarrak amaitu zirenetik-, joera askotariko hautetsik parte hartu zuten inaugurazio ekitaldian.

Nabarmena izan zen sozialisten presentzia, nahiz eta beste alderdietakoak ere bertan ziren. Hala, besteren artean, Frantxua Maitia Akitaniako lehendakariordea, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuek hartu zuten hitza, Didier Borotra Biarrizko auzapezaren ondotik. Guztiek beren sostengu irmoa ekarri zioten Lurramari eta, horrekin, bultzatzen duen laborantza motari, hots, ingurumenaren, laborarien eta kontsumitzaileen errespetuan diharduen nekazaritzari.

Ildo berean, Koldo Lizarraldek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, «hizkuntza ez ezik, ama lurrarekiko filosofia berbera partekatzen» dutela adierazi zuen, eta jarraian «globalizazioaren gezurrari erantzunez, elikadura subiranotasunaren aukera» garatzeko premia nabarmendu.

Aurtengo gonbidatua Aveyron departamendua izan da. Bisitariek bertako laborantzaren berezitasunak, ekoizpena eta baita ere arazoak ezagutzeko parada izango dute igandera bitartean.

Ezagutza ofiziala

Arratsaldean Stephan Le Foll Laborantza ministroaren bisita jaso zuen Lurramak, bere alderdiko diputatuek goraipatu zuten bezala, «bere presentziarekin halako ezagupen ofiziala emanez, bai erakustazokari baina baita EHLGri ere».

Ministroak mahai-inguru batean hartu zuen parte, Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariarekin, Jose Bove eurodiputatuarekin eta Aurelie Trouve ATTAc-eko buru eta Lurramaren aurtengo ama pontekoarekin batera.

Datorren urtean eztabaidatzen hasiko den Europako Nekazaritza Politika Bateratua izan zuten hizpide, eta zehazki, bertan finkatuko diren diru-laguntzen banaketa nolakoa eta zer motako laborantza eta elikadura sustatzeko izango den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo