Maputxeek gose greban diren presoekin Txilek darabilen estrategia ankerra salatu dute
Txileko Gobernuak 55 egun gose greban diren lau preso politikoen aurka abiatutako estrategia salatu du komunitate maputxeak, osasun egoera kontuan izan gabe, isilpean eginiko lekualdaketak izan direla -eta.
GARA | CONCEPCION
Wente Winkul Mapu komunitateak Txileko Gobernuak preso politiko maputxeen gose greba gelditzeko asmoz abiatutako estrategia salatu zuen bart, ostegunean Jendarmeriak Concepcioneko ospitaletik 55 egun gose greban daramaten lau presoetako bi isilpean eramateagatik, senideei non dauden jakinarazi gabe, egun batzuk lehenago jatera behartzeko saiakera egin ondoren.
Goizeko lehen orduetan, Rodrigo eta Erick Montoya presoak ospitaletik atera zituzten, euren senideei ezer esan gabe, 55 eguneko gose grebaren ostean bien osasuna egoera kritikoa izan arren. Collipulliko Auzitegira lekualdatu zituzten, euren aurkako epaiketa prestatzeko.
Paulino Levipan eta Daniel Leviano, beste bi gose grebalariak ere Collipullira eraman zituzten beranduago, arrazoi berdinak direla medio.
Gose grebalariek agiri baten bidez jakinarazi zuten, beharrezkoa izanez gero, heriotzara arte jarraituko dutela euren protesta. Hainbat aldarrikapen egiten dituzte, hala nola epaiketa bertan behera geratzea, lekuko babestuak erabiltzeari uztea, komunitate maputxeetan okupazioak geldiaraztea, haur, emakume eta adinekoen aurkako poliziaren indarkeria behingoz amaitzea, lurralde maputxearen desmilitarizazioa eta preso politiko maputxeen amnistia.
Horrez gain, Gobernuaren basakeria eta komunitate maputxearen aurkako erasoak salatzeko antolatutako manifestazioetan Poliziak izandako jarrera oldarkorra ere salatu zuten.