GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Sebald eta memoria (eta II)


Zinez, arras iradokitzaileak dira Sebalden lanetan azaltzen diren argazkiak, kontakizunaren lagungarri eta argigarri izateraino. Dena den, argi utzi beharra dago benetakotasun faltsua dela alemaniarraren liburuek erakusten dutena; badute ukitu autobiografiko bat, kasuaren arabera handiagoa ala txikiagoa, baina azken batean idazleak joko bat edo, hobeto esanda, gogoeta jakin batzuetara lerratu nahi gaitu benetakotasuna amu gisa erabiliz. Zeren Sebalden obretan dena dago goitik behera planifikaturik, ezer ez da halabeharrez gertatzen. «Gorputzarekin ez, buruarekin idazten da», adierazi zuen behin, eta horren adibide dugu bere estilo zehatza. Hala ere, egileak ez zuen zerbait genuinotzat jotzen. «Alexander Klugek formulatua zuen proiektu bera da: sentimendu pertsonalak eta historiaren ibilbide objektiboak uztartzeko saiakera. Kontraesanean daude bi kontzeptuak, baina xedea zera da: batek bestea nola baldintzatzen duen aztertzea».

Memoria eta historia, bata bestearen oztopo dela esaten du Marianne Hirsch memoria eta trauma literaturan adituak. Memoriak afektuekin jokatzen du, gertaerak pertsonalizatzen ditu; historiak, aldiz, datuei erreparatzen die gertaerak azaltzeko. Hala ere, bata zein bestea ezinbestekoak dira iraganak orainean duen eragina aztertzeko, batez ere bigarren belaunalditik aurrerakoek lehen belaunaldikoen iraganarekin duten harremanean oinarritzen denean oraina. Zentzu horretan, Hirschek post-memoria kontzeptua proposatzen du historiak eta memoriak iraganaren interpretazioan jokatzen duten rola aztertzeko. Post-memoriaren adibide gisa Sebalden lana aipatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo