Artea airatuko da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hainbat herritako lantegiak zabalduz
«L'art prend l'air» ekintza antolatu du Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak gaur eta biharko. Hainbat herritako artisten lantegiak zabaldu, eta beren lanak ezagutarazteko hainbat ekintza egingo dituzte.
GARA | BAIONA
Artearen gordeleku izaten diren lantegi itxietara kanpoko jendea sarraraziz, artelanak airatzea proposatzen du «L'art prend l'air» ekimenak. Besteak beste, Angelu, Baigorri, Lehuntze, Biarritz eta Gixune herrietako artisten lantegiak ezagutzeko parada izango dute herritarrek bi egunez, eta gainera, horietako batzuetan hainbat ekimen ere antolatu dituzte artistek, esaterako, performanceak edo ikastaroak.
Margoak, argazkiak, eskultura... artelan mota anitzak eta estilo ezberdinak deskubritzeko parada izango da, gaur egun artean nabarmentzen diren artisten maitale edo ikusmina duen pertsona orori irekia.
Azkainetik Donibane Garazira
Angelu herri aberatsa da artisten kokalekuetan. Sei artistek irekiko dituzten beren lantegiak bertan: Françoise Soizeau, Catherine Lacuve, Claude Viseux, Pierre Davancesns eta Raquel Martinez Olas bere lagun Felix Ferrerasek lagunduta. Jean-Pierre Barreau eskultoreak ateak irekitzearekin batera, brontzezko eskultura bat egingo du jendearen aurrean.
Baionak ere hiriak duen aniztasuna aterako du airera. Monica Materna, Eliane Monnin, Chris, Daniela Maitia, Prunelle, Jana Lottenburger eta Gregoire Lavignek beren lantokiak erakutsiko dituzte. Bestalde, JF Simonek larunbat zein igandean margotzeko baliabideen azalpena emango du. Blom Sky & Artotekako Myriam Blomek performance bat egingo du igande arratsaldean.
Biarritzen zortzi lantegi irekiko dira asteburu honetan. Thierry Arlas margolariarena, Fee Main beira gainean margotzen duenarena, Zako eta Moa eskultoreena, Patrick Ballare argazkilari eskultorearena. Beste hiru lantegiak kolektiboak dira: 53a, Loma eta Agnesena.
Erika Sellier Azkaineko margolariak arrantza mundua agertzen duten bere obrak non egiten dituen erakutsiko du. Baigorrin Maitxuk bere margoak deskubritzeko parada eskainiko du. Mugerre eskulturaren herria izango da, Sabhalen eskutik.
Lehuntzen Monique Brotek argazkilaritzaren ikuspegi surrealista azaleratuko du. Bastidan, bestalde, Helene Fedidaren margoak, Dominique Larrouturouren eta Solanges Toutenuiten artelan plastikoak ikusiko dira; eta Gixunen, Patricyan Castets-Roberten eskulturak.
Donibane Garazin Josette Dacostak adierazpen artistikoa garatzeko lantegiak eskainiko ditu larunbat zein igandean. Saran Andy Le Saucek irekiko du bere tailerra, eta Zuraiden Bruno Marekovicek.
Ikusleak eta artistak artea sortzen den guneetan elkartu nahi dituen ekimen honek gaur egungo kultur aniztasunaren garapenaren erakusle izan nahi du.
Tokia: Lapurdi eta Nafarroa Behereko herrietako hainbat artistaren lantegiak publikoari irekiak izango dira eta batzuetan jarduerak ere egingo dituzte.
Data: Gaur eta bihar.
Antolatzailea: Kontseilu Nagusia.