GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Bere burua garailetzat jo du EAJk

Bilboko Casillan itxi zuen atzo kanpaina EAJk, eta hizlari guztiek, Urkullutik Ortuzarrera, Egibar eta Agirre zirela tartean, garailetzat jo zuten beren alderdia, biharko bozetan nagusituko direla ziurtatuz.

Mikel PASTOR

Eusko Alderdi Jeltzaleak Casilla pabilioiko ia 5.000 eserlekuak bete zituen atzo, mezu positiboz josita egon zen kanpaina bukaerako mitinean. Ekitaldian aritutako hizlari guztiek ziurtzat jo zuten jeltzaleen garaipena, eta gobernu berriaren bozeramaile gisa aritu ziren, bereziki Urkullu, lehendakari izendatu berria balitz bezala hitz egin baitzuen.

Hiru aste luzeko kanpainari amaiera eman zion ekitaldian EAEko hiru buru batzarretako presidenteek hartu zuten aurrenik hitza, bakoitzak alderdiaren mezu zehatz bat nabarmenduz.

Hala, Andoni Ortuzar BBBko presidentea euforiko agertu zen milaka jeltzaleen aurrean, biharko garaipen «ziurra» aldez aurretik ospatuz. «Bihar hausnarketa eguna da, baina guk ez dugu behar, guretzat konbentzimendu eguna da, guk ondo bozkatzen dakigulako. EAJ bozkatzen dugulako», bota zuen uste osoz Ortuzarrek.

GBBko presidentea, Joseba Egibar, ezker abertzalearen kontra aritu zen gehienbat. Horretako, 1977. urtetik hona ezkerreko independentistek izandako izen guztiak aipatu zituen (LAIA, KAS, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, EHAK, ANV, eta abar), barregarri utzi nahian edo. Aldaketok, oro har, Estatu espainolak ezarritako ilegalizazioaren ondorio izan direla ez zuen aipatu Egibarrek.

Xabier Agirrek, Arabako Buru Batzarrekoak, bestalde, PPri zuzendu zizkion kritika zorrotzenak, herrialde horretan «Madrilen menpe» egotea leporatuz.

Saioa Iñigo Urkullu lehendakarigaiak itxi zuen. Aurreko egunetako kritikak gorde zituen, barne kontsumorako mezu nabarmenagoaren mesedetan. Bide horretan, estadista edo lehendakari balitz bezala aritu zen momentu oro. Bereziki nabarmentzeko modukoa da «hauteskundeak irabazi eta hurrengo egunean Mintegi, Basagoiti eta Lopezi deituko diet krisiaren kontrako hitzarmena lortzeko» esaldia.

Pentsioak, osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialak ez dituela «ukituko» azpimarratu zuen Urkulluk. Halere, lerro artean mezu nabarmena utzi zuen lehendakarigaiak: «Hiru urte eta erdiko gobernu honek, denbora galdu duen gobernu honek, 1.044 milioi euroko herentzia utzi digu, eta argi izan behar dugu zaila izango dela egoera aurrera ateratzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo