GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez Errepresaliatua

Euskal presoak Euskal Herrira!

Zirrikitu guztiak erabili beharko ditu Kolektiboak bi helbururi jarraiki: Estatua deskolokatzeko, eta kideak kaleratzen hasteko

Ez dut nik leloa asmatu eta ez da oraingoa. EPPK-k berak eszenatoki politikoan aspaldi jarritako aldarria da, euskal gizarteak bere egin duena, gainera. Alta, premia eta egoera larrien argitan, aldarri zehatzak iragaiten dira lehenengo planora lehenbailehen konpon daitezen: gaixotasun larria duten presoen kaleratu beharra, zigorra bete dutenena, baldintzapeko askatasun egoeran egon beharko luketenena edota, gertuago, 197/2006 doktrina pekoena. Aldarriz aldarri, batean edo bestean jarritako indarrak barreiatzeko arriskurik bada eta, ondorioz, hainbat ataletan ordura arte metatutakoa modu partzialagoaz agertzekoa ere, eraginkorra izan behar zuenak nora eza piztuz bat baino gehiagorengan, akaso.

Horregatik, ETAk alde bakarreko su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatu zuenetik urtebete eta EPPK-k bere eztabaidaren ondorioak plazaratu zituenetik ia sei hilabete igaro diren honetan, egoera zertan den patxadaz aztertzeko eta iraultzeko tenorea heldu dela uste dut. Bada, gaurkoa hiru esanetan laburtuko nuke: 1) Estatuak ez dira mugitu (egiari zor, hala ere, Frantzian behintzat aukera berriak irekitzen ari direla ematen dit). 2) Gobernu espainolak presoak baliatu nahi ditu prozesu demokratikoa gelditu nahian. 3) Hasiera batean behintzat, Gobernu hau eroso sentitu da posizio horietan.

ETAren erabaki historikoak gobernuak eta alderdi ia guztiak jokoz kanpo utzi zituen. Ez zekiten nora begiratu, zer esan, nola aritu... Urtebete beranduago, ordura arte mantendu zituzten zutabeetan (isolamendu politikoa, presoen sakabanaketa, zapalkuntza egoera...) jarraitu nahi lukete... baina oraingoan bortizkeriarik gabe: ez dira inozoak! Nor oroitu da, haien artean eta denbora honetan guztian, euskal presoen egoeraz? Inor ez.

Gauzak honela, Kolektiboak prozesuaren aitzindari izatera pasatu eta Gobernua defentsibara behartu behar duelakoan nago. Hor kokatzen du, ene ustez, ekaineko Adierazpenean aipatu zuen «ofentsiba politiko»ra pasatzeak. Azken finean, presoek prozesu demokratikoan parte hartu behar dute eta hau lortzeko bidean oztopo diren salbuespen neurriak desagertu egin behar dira: horretan zentratu beharko genituzke gure esfortzu guztiak une honetan: euskal presoak Euskal Herrira ekartzean, hain zuzen. Honela, gainera, balio bilgarria ere badu: alde tekniko hutsetik begiratuta, Euskal Herrian egonda, premiazko egoeretan dauden presoak kaleratzeko prozesua errazagoa izan daitekeelako, eta eremu honetan diharduten organismoek lan komun eraginkorragoa eta bateratuagoa burutu dezaketelako ere.

Nola gainditu salbuespen legedia? Ene aburuz, Estatuen arteko pitzadura gehien eragitea da lehenengoa, eta masa ekimenak bestea. Lehenengoak jakina, taktu handiz ibiltzea eta malgutasunez jokatzea eskatzen digu, legedia zentzugabe hori bera baita salbuespen egoeran egon beharko lukeena; bigarrena, bestalde, nekez bilakatuko da ezer, ez baldin badugu benetako dinamika batekin uztartzen. Kolektiboa salbuespen egoerak ezarritako hainbat atal ustez mugiezinak pitzatzen hasi dela ikusten ari naiz azken bolada honetan. Ziur naukazue, beraz, bere ekimen erabakigarriekin eta euskal gizartearen laguntzaz, denok norabide berean, gaurko egoera apurtuko dugu eta prozesuari berari sekulako bultzada emango.

Masa ekimenen artean bi data nagusi ditugu: azaroak 10 eta urtarrilak 12, Baionan eta Bilbon hurrenez hurren burutuko diren manifestazio nazionalak medio. Baina ez ditzagun inolaz helburu bihurtu. Masa ekimenak eta hauteskundeak tresnak dira. Ez gutxiago, ez gehiago. Espetxe ildoan isla edo eraginik izan dezake- ten hauteskunde emaitzak bezalaxe, manifestazio jendetsuak (ikusgarriak izanda ere) ez dira nahikoak. Joan eta gero etxeratzea ez dela aski, alegia. Presioa areagotu beharra dago, apika, egoera gaurko horretan mantendu nahi dutenak mugiaraziko baditugu.

Hirugarren esparruari helduz, uste dut Kolektiboak bi eratan interbenitu ahal duela: jadanik hasi dituen interpelazioen bidez eta frantses Estatuan egin daitezkeen urratsez baliaturik. Ez naizenez aditu, ezin dut asmatu zeren inguruko mugimenduak izan litezkeen Kolektiboarenak, baina zirrikitu guztiak erabili beharko ditu Kolektiboak bi helbururi jarraiki: Estatua deskolokatzeko, eta kideak kaleratzen hasteko. Ez da beti bide erraza izango, baina ibili behar duelakoan nago. Hor dago Estrasburgoko erabakia eta kalean egon behar duten hirurogeitik gora herritar. Edo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berrikitan harturiko epaia. Horrek ere pitzatzen du Estatuen blokeoa. Sakabanaketaren enborrean egindako ezpalak dira, baina dispertsioa amaitu arte mugitu behar ditugunak era aktibo batez.

Azken finean, Kolektiboak bere aukerak eta urratsak gauzatzen eta zabaltzen joan behar du. Oso arriskutsu deritzot paralizazioan murgiltzeari. Estatuari aurrea hartzeko, bere gaitasun guztia erakutsi behar du EPPK-k. Damu eta salaketarik gabe, bideak jorratuz, urrats berriak egiteko prestasuna agertu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta egingo dituenik zalantzarik ez daukat. Berriz, «espetxe politika egoera berrira egokitu behar dela» zioten politikariak zeren zain daude mugitzen hasteko? Ez diet hau galdetzen alde biko prozesuren batean geundekeelakoan, Herri oso bati goizago ala beranduago kontuak eman beharko dizkietelako baizik. Euskal gizartearen exijentzia entzun bezate: Dispertsioa amaitu! Euskal presoak Euskal Herrira... oraintxe!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo