Julen MURGOITIO
Kantauriko ituna, labelaz
Kanpainarenak egin du. Akabo da, akabua ez bada ere. Kanpainaurrea eta kanpaina bukatu dira. Orain kanpainostea hasten da, gaur gabaz hasi ere. Baina, momentuz behintzat, lasaitu ederra hartuko zuten mikrofonoek han-hemengo plazetan. Bafleek bestekoa. Azkenik! Berriz ere entzun ahal izango ditut eliz dorreko kanpai-hotsak arratsaldeko zortzietan! Bazen garaia, demonio! Bai, plazako mikrofonoen sasoia amaitu eta bulegoko kalkulagailuena hasi; horrela jarri zuen demokraziak legea. Gaur bertan hasi ere, gau aldera. Bateria gizajoak! Aparteko energia beharko dute zeregin horretan, sarekoa nahikoa ez, nonbait. Berriztagarriak ere erne! Beharbada horien beharra izan baitezakete gaurkoan, energia-aitaren osagarri. Litekeena da bihar guri esatea langabeziak behera egin duela Euskadin gaur gabaz, energia kontsumoa handitu egin delako. Kapaz! Tira, harira! hor ibiliko dira hainbat aditu gabaz, trastearen teklak kamusten, gora-behera, ezker-eskuin, botoak eskainu bihurtzen dituen legea gorabehera; hondarrak hemendik, hondarrak handik. Atez atekoa pasatu berri zait burutik. Eta gaua aurrera doala, unea iritsiko da non kito! habemus parlamentua! Eta une hori iritsita legebiltzarreko aulki bakoitzak izen-abizena izango du, lau urterako edo. Aulkitan batzuk bai gizajoak gero! ez dakite zer datorkien gainera!. Agian sumatu bai, honezkero! Lagun berriak, ipurtarinak, bihurriak, geldiezinak... betoker eta herren ibiltzeko gertu daudenak. Txarragoa, askoz ere, izango da beste aulki batzuen geroa; lehendik diren ipurtastun ezagunak, mugiezinak, aurreko mahaitxoaren gainean bihurrian... Ama, ama! legebiltzarreko aulkiek erabakitzeko eskubidea balute! Horretan ere bada zer aldatu.
Tira, harira! Kalkulagailuen lana ez da hondar-lege horretan amaitzen. Bai zera! Kimera! Behin aulkiak banatuta bigarren partea dator, 38ra zelan ailegatu, eta zeren truke, gobernuan izan edota aldundietan izan. Aulki-azoka. Itunen garaia izango da hori, lehendik ere oso ezaguna den Kantauriko Ituna, hain ezagun non labela ere eman diezaioketen halako batean. Baina gaur, zenbat listu xahutuko kartazalak ixten! Zenbat jendek jakin ez zer bozkatu duen, albotik esanda botoa sekretua dela! Eta bihar biharkoak. Baina ezin denak garaile suertatu! Ezin. Ezin, demontre!