poesia
Bazterreko poetak
Ainara MAIA
Zure barnean dagoenaren zain ez egon, hortxe dago-eta. Amildegian edo infernuan, mugan daude eroso bi poeta hauek, bata hitzekin bestea marrazkiekin, geltokitik geltokira, hizki eske. Eta hitzak eskaini dizkidate biek ere haien hizkien argiek nire gau ilunak argitzeko, maitasunaren bidez.
Maitasunaren geltokitik abiatu zait Mikel eta Lurdesen estetika, maitasunak noiz isiltasun bihurtuko nauen zain. Euren artearen lizunkeriak Erromako Campo di Fiori edota Pariseko Montmartre hilerrira eraman naute dantzan. Bi lagun Venezian bezala, bati hilekoa jaitsi zitzaiolako gauean, besteak mihia jarri zion zulo sakratua arindu eta gozatzeko.
Hitz lizun horiekin dantzan horditu naiz ardozalearen edertasunez, eta ariketa surrealista bat balitz bezala, irakurri ditut marrazkiok, ikusi hitzok. Erlijioaren arkitekturak zenbat esklabo hil ote dituen galdezka turismoa eginez iritsi naiz Gobiko basamortutik Toulouseko geltokiraino. Bakardadean elkar maitatzeko esperantzetan. Batzuetan maitatzen dut gorrotoa, gorrotatzen dut nik ere maitasuna, poeton arabera bidaia oinez egiten baita, eta geltokitik aldenduz, Schopenhauer-en tristuratik beharbada badugu aukeraren bat poetok neguko hotzean. Queer-ak edo bereziak sentiarazten gaitu jendarteak, bizitza hitzetan jartzeko joera frikia dugulako, baina egiatan poetok gizartetik ebasten edo hartzen ditugu hitzok, sabel, zakil, uzki, alu eta larru horietan galtzen da poeta, ez da egiatan hain queer-a edo agian denok gara berezi xamarrak. Jadanik poetak ez du izan nahi hetero edo homo, gorputzari utzi nahi baitio musika berriak jotzen.
«Orgasmoak» eta «maitaleak» bezalako hitzak eskatzen dituzte poetok hitzen geltokian, ezerezaren amildegian aurkitu baitituzte poetek hitzok. Hitzen geltokian eskale agertu zaizkit ezustean poeta biak, eta nik ere ez dakit zergatik nahi dudan idatzi, idaztea kostatzen baitzait, baina halabeharrez eta bihotzak eskaturik idatzi ditut neuk ere erantzunik izan ez duten maitasunezko eskutitzak. Nekez idazten du olerkia poetak egunen batean inork irakur dezan.
Biluzik ageri zaizkit poetak Saharako ekaitzaren erdian, eta astindu dute ene gogoa: aberria ala hil! Justizia ala hil! gerrillari beltzei deiadar egiten diete poetek, zurien askatasun ametsak arrotz sentitzen dituelako. Historiaren pozoiak gogaiturik, poetak gogoko ditu laztanak. Jakintsuek diote umorea behar dela bizitzeko, eta egia da umore handia behar dela bestalde jakintsuen gauzak ulertzeko.
Eta errauts suertatzen den egunean poeta, hitzak bidaia berrietara abiatuko dira eztanda mugagabean. Horrela, hitzen geltokitik beldurraren azken geltokira iritsi naiz azkenean. Emozio mingarrietan nire garaikoekin izuaren gotorlekua ezin hautsiz, eta poetak ez du izan nahi bizitzeko eta hiltzeko indarrik gabe. Izan ere, azkenean poeta ohartzen baita egin duen guztiak ez duela ezertarako balio izan maitasun momentu haiek ez direlako itzuliko. Amildegiko loreen babesean egon eta infernua biluzik laztantzea nahi dutenen zuhaitz emankorra da poeta, haragiaren eldarnioak jotakoa. Azkenean poetaren arima bakarrik geratu zen geltokian, gosez dauden Maliko ume haiek edota zibilizazioaren neguak gogoan, hala nola Pariseko putak, New York-eko poetak, Londongo hil-kutxak, Amsterdameko kanaletako txalupak, Moskuko enparantzetako agureak, Erromako hilerrietako eskeletoak... Disfrutatu liburua, irakurle.