HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Misterio eta ikara
Xabier ETXANIZ ERLE
Izenburuak iradoki bezala misterio, beldur, ukitu beltzeko liburu baten aurrean gaude. Hiru istoriok osatzen dute liburua eta bigarrena dugu liburuari izenburua ematen diona.
Jokin de Pedrok aurrekoetan ere erakutsi izan du istorioak kontatzeko duen iaiotasuna, eta oraingoan, misterioa eta ikara duten istorio hauetan, gauza bera egiten du. Liburuko lehen ipuinak, “Beso baten istorioa”, bi ezezagun ditu protagonista; jai batean elkarren ondoan eseri eta ipuinak kontatuko dizkiote elkarri. Ipuineko narratzaileak, lehen pertsonan kontaturiko istorioa baita, autostop egiten besoa galdu zuen lagun baten kontua aipatuko dio ezezagunari eta honek “Beso baten istorioa” kontakizuna esango dio; ihesaldi batean bi preso lotzen zituen eskuburdina hautsi beharrean norberaren besoa moztu zuen lagunarena. Irakurleak egoeraren tentsioa eta larritasuna senti dezake Jokin de Pedroren kontakizunean: «Garbi dago ezin dutena ihesean jarraitu (…) hor ibili dira eginahalak egiten, tira eta bultza, baina harri astunek ez dute amore ematen, zirkinik ere ez. Zer egin? Orduan igitaiari erreparatu diote: eskuburdina mozteko gai ez den arren, haragian erraz barnera daiteke».
“Izu-izua” ipuina, aldiz, “Psycho” filmari eginiko keinuez eta aipamen zuzenez beterik dago. Pelikula ezagunaren giroa eta egoera islaturik ikus dezakegu Euskal Herriko bazter batean, gizon bat etxe nahiko abandonatuan bere amarekin, edo haren izpirituarekin… eta “Sukaldari baten istorioa” liburuari amaiera ematen dion azken ipuinean, aldiz, izua egoera aldrebesekin nahasirik ageriko zaigu.
Generoak eskatzen duen bezala, De Pedrok irakurlea harritzen du amaiera bitxi eta ustekabeak eskainiz, norberaren beldur eta mamuei eginiko keinu horien ondoren geure buruaz ere irribarre egin dezagun, hori bai, izua sentitu ondoren.