GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea Marka saiakerak

Antzokietan ere errekorrak lortzea posible dela ikusi da

Irigoienek, Magunazelaiak eta Etxeberriak helburuak ongi bete zituzten.

p046_f01_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Antzokietan ere errekorrak lortzea posible dela ikusi zen atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokian, nahiz eta bertako zoruak arazo bat baino gehiago sorrarazi zien kirolariei. Agian plaza, kiroldegi edo pilotaleku bat egokiagoak direla ere ikusi zen, baina Aimar Irigoienek, Idoia Etxeberriak eta Urdax Magunazelaiak helburuak betetzea lortu ahal izan zuten, eta hiru kirolariek egindako markak oso onak izan ziren.

Saiatu zen lehenengoa Urdax Magunazelaia izan zen. Bizkaitarrak 15 urte besterik ez ditu, eta 200 kiloko harri errektangularra berdindu zuen bizkarraren gainean, horrela bere adineko marka bat ezarriz. Bost minutu izan zituen lanerako, eta ongi hasi ez bazen ere, amaieran gauzak ongi amaitu zituen.

Lehen jasoaldian huts egin zuen. Harria gerrira ekarri, buelta eman, eta ez zuen ongi berdindu, eta baliogabetu egin zioten jasoaldia. Horrelako marka saiakeretan honelako jasoaldiek urduritasuna ekarri ohi diete harri-jasotzaileei, baina Urdax Magunazelaiak ez zuen atzera egin. Atsedentxo bat hartu, eta berriro ere harriari heldu, eta bigarrengoan ez zuen hutsik egin, marka eginda utziz.

Ondoren, Idoia Etxeberriaren txanda izan zen. Oriotarraren nahia 150 kiloko harri errektangularra jasotzea zen, eta horretarako bost minutuko saio bat izan zuen, eta marka lortuz gero, orain arte emakume batek ofizialki inoiz egin ez duena egingo zuen.

Amaieran lau jasoaldi lortu zituen Idoiak, eta marka ederra utzi zuen eginda. Lanik handiena lehen jasoaldiak eman zion, doi-doi lortu baitzuen bizkarraren gainean berdintzea. Bigarrengoa, berriz, dotore jaso zuen, eta hirugarrengoak, lan gehiago eman bazion ere txukun jaso zuen. Agian jasoaldirik ederrena laugarren eta azkena izan zen.

«Nik uste dut, lekuak baldintzatu nauela, eta baita Urdax ere. Azpia ez zegoen berdina, eta arazo asko sortu dizkigu», esan zuen Etxeberriak. «Nire inguruan ibili diren guztiei eskaini nahi diet hau, baina batez ere nire aitonari eta amonari eskaini nahi diet. Nire lanek sekulako ilusioa egiten diete, eta niri ere horrek poz handia ematen dit», esan zuen Idoia Etxeberriak saioa amaitu ostean.

Azkenik, Aimar Irigoienen txanda izan zen, eta errezildarrak ere ez zuen hutsik egin. Honek 125 kiloko zilindro zaharra jaso behar zuen bost minutuan, baina lehen berak zeukana ondu behar zuen. 43 jasoalditan zegoen marka, eta atzo, berriz, bi gehiago eman zizkion Aimarrek, lan bikaina eginez.

Arrigorriaga

Harri-jasotzea gustuko dutenek, gaur beste aukera bat izango dute, Arrigorriagako plazan 12.30ean hasita. Bertan, 132,5 kiloko harri traketsa erabiliko dute, eta bakoitzak hiruna minutuko txandak izango ditu. Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Urrutia, Urpe, Eizmendi, Lopetegi, Calvo, Ugartemendia eta Otaegi arituko dira nor baino nor.

Harri-jasotzeari buruzko liburua prest dago

Atzoko ekinaldia hasi aurretik, harri-jasotzeari buruzko liburua aurkeztu zuten Donostian, bere egileak, Patxi Jauregi, Joseba Urretabizkaia eta Miguel Iriarte han zirela. Liburuan harri-jasotzeari buruzko azken 100 urteotako informazio luze eta zabala agertzen da. Liburua, egunkariak eta aldizkariak saltzen diren ohiko lekuetan jarriko dute salgai 45 euroren truke. Egileekin batera, Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea, eta Aldundiko eta Kutxako kideak ere izan ziren. Atzoko egunari amaiera Manteo kiroldegian eman zioten, han izan baitzen bazkaria, eta liburuan agertzen diren harri-jasotzaileak ere omendu zituzten. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo