GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Munduko Handball Txapelketa

Emaitza oso onak eta esperientzia paregabea Dublinen

Itxura bikaina eman du Euskal Selekzioak Irlandan, eta Iker Gordonek urrezko domina irabazi du.

p044_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Oso pozik itzuli da Euskal Selekzioa Dublinen aurreko astean jokatu den Munduko Handball Txapelketan egindako lanarekin. Emaitzak harro egoteko modukoak izan dira, are gehiago Euskal Herrian horren ezaguna ez den jokamoldea dela kontuan izanda, eta esperientzia ere primerakoa suertatu da bertan izan diren sei pilotarientzat.

Denen artean, aipamen berezia merezi du Iker Gordonek maila nagusian banaka lortutako urrezko dominak. Sopeloztarrak sekulako lehiaketa osatu zuen, baita binaka ere, eta berezkoa duen bizitasunari esker nagusitasun handiz irabazi zuen (15-12 eta 15-5) buruz buruko finala Mellow pilotari estatubatuarraren aurka.

Gehiago sufritu behar izan zuen finalerdietan, Edgar Diez puertoricarraren kontra. Lehen jokoa 15-11 galdu zuen; bigarrenean 14-15 nagusitu zen 14-13 galtzen joan arren; eta azken setean 7-11 irabazi zuen. Mendeku polita izan zen euskaldunentzat, Diezek Aitor Erauzkin beste euskal ordezkaria kaleratu baitzuen lehenago. Aurreneko bi kanporaketetan Belgikako bi aurkari menderatu zituen Gordonek.

Emakumezkoetan, berriz, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen Amaia Araiztegi mallabitarrak, finalean Martina McMahon irlandarraren aurka galdu egin baitzuen. Hala ere, bizkaitarrak erabat harrituta utzi omen zituen aurkari guztiak, 15 urte baino ez baititu eta lehen aldiz hartu du parte Munduko Txapelketan.

Araiztegik Lia Ching eta Athelia Mendez amerikarrak kanporatu zituen finalera heldu ahal izateko, bien kontra aurreneko seta galdu arren. Finalean ere oso ongi aritu zen, baina bere aurkariak askoz ere erraztasun handiagoz amaitu zituen tantoak. Emakumezkoetan aritu den beste euskal pilotariak, Itsaso Praderak, final-laurdenetan esan zion agur bakarkako lehiari etxeko pilotari baten kontra.

Taldeka, laugarren postua

Buruz buruko norgehiagokekin batera, euskal pilotariek taldekako lehiaketan ere hartu dute parte, eta azpimarratzekoa izan da gizonezkoetan Euskal Herriak lortutako laugarren postua. Federazio Kopa izenpean, hamasei taldek hartu zuten parte gizonezkoen atalean eta zortzik emakumezkoenean. Kontuan hartzekoa da Espainiak ere bere taldea atera zuela.

Mutiletan, euskaldunek AEBen aurka neurtu zituzten indarrak finalerdietan, eta jokatutako bi partidak galdu zituzten, bai banaka, eta bai binaka. Hala ere, aipagarria izan zen berriz ere Iker Gordonek emandako maila, buruz buruko norgehiagokan punta-puntako pilotari baten aurka 10-14 irabazten joan baitzen. Jardunaldi osoan pilatutako nekeak erasan zion gero, eta 21-14 galtzen amaitu zuen zoritxarrez.

Gauzak horrela, brontzezko dominaren borrokan Ekuadorreko selekzioa izan zuten aurkari, eta desenpateko jokoan nagusitu ziren hegoamerikarrak. Gordonek 14-21 irabazi zuen banakako partida; Ekhi Ziarrustarekin batera 21-14 galdu zuen binakakoa; eta irabazlea erabaki zuen jokoan ekuadortarra izan zen garaile 8-11ko emaitzarekin.

Azkenik, binakako partidetan lortu zituzten emaitzarik eskasenak euskaldunek. Itsaso Pradera eta Amaia Araiztegi gazteek -nesken binakakoan ez dago adinaren araberako mailarik- lehen kanporaketan esan zuten agur bikote estatubatuarraren aurka (15-4 eta 15-3). Maila nagusian, Erauzkin eta Gordon final-zortzirenetan gelditu ziren Puerto Ricoko Martinez aita-semeen aurka galduta. Onenak Ekhi Ziarrusta eta Mikel Larrañaga izan ziren, 20 urtez azpikoetan finalerdietaraino iritsita.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo