GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Azparren Lizargorriko taldea (Ezkerretik Bilduz)

Ezker abertzale soziologikoa, EH Bildu eta hegemoniak

Ehuneko 25, aurki %30, asko da, aski da konfrontazio politiko baketsurako. Ezker independentista bateratua, zibila, anitza, kritikoa eta autoeratua gai da eratzen hasteko PNVk, PSOEk, UPN-PPk Hegoaldean babesten duten sistemaren alternatiba

Laurogeiko hamarkadaren hondarretan izango zen, beranduxeago agian, Jakue Pascual soziologoak, hainbat arlotan aitzindari izan den aktibista bihurriak, esamolde hau idatzi zuen lehenengo aldiz: «ezker abertzale soziologikoa». Esamoldeak arrakasta izan zuen, geroztik askotan aipatu izan baita. Eta aipatu ez ezik, nola edo hala praktikara eraman dela ere esango nuke, 1998tik hona Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetan sabaitzat jo zituzten 14 biltzarkide 21 bilakatu direlako.

«Izena duenak izana du», dio esaera zaharrak eta izen hura plazaratu zenetik, hainbat sektoretan multzo soziopolitiko hori antolatzeko ahaleginetan aritu dira. Hobeto esanda, multzo soziopolitiko hori antolatuta egongo bailitzan aritu dira/ gara urteetan.

Ajuria Eneko garaiak ziren, Ardanza mendebaldeko hiru herrialdeen lehendakaria. Ezker abertzale «tronkala»-ren bazterketa aroa. Gatazka armatuak ere bere adierazpide bortitzenak izan zituen.

Aurreko urteetan abertzaletasun aurrerakoiaren «lorezko urteak» bizi izan ziren. Esaterako, Gipuzkoako alkate guztiak abertzaleak ziren eta poliki-poliki euskal abertzaletasunaren ezkerreko jokaerek abertzaletasun tradizional eta kapitalistazaleari aurrea hartuko ziotela sumatzen zen.

Aldiz, 80ko hamarkadaren bukaeran, hainbat arrazoi direla medio, etenaldi bat izan zen. ETAren jardunak hartu zituen ezaugarri basatiak, Ertzaintzaren hedatze eta militarizazioa, Arzalluzen agintea, PNV Estatuaren esanetara jarri zuena, PSOE-EE afera, espainiar eskuinaren gorakada (AP PP bihurtu zenetik)... Honek guztiak ENAM-MLNV izena hartu zuen multzo politikoaren gorakada eten egin zuen eta modu naturalean hor egon behar/ nahi zuten sektore asko aldendu ziren/ zituzten.

Horietako batzuek, aldentzen hasita, konbertsioa muturreraino eraman zuten, norabide antzuetatik sistemarekin bat egin arte. Sistemaren aldeko arrantzale trebeen sareetara, hots, PSOEren eta PNVren besoetara. Beste batzuk, berriz, testimonialismotik apenas atera ezinik eta gutxi batzuk balizko bide alternatiboetan ekimen eredugarriak entseatu nahian.

Ezker abertzale tronkalaren ordezkaritza jaisten joan zen. Zenbaiten ustez, jardun armatua, frankismoaren amaieran bestelako eragina izan zuena, ezker abertzalearen aingura bihurtu zen. Horrela adierazi zen sarritan eta ezker abertzalearen barruan zein ezker abertzale tronkaletik at ari ziren beste sektore soberanista aurrerakoietan oihartzuna ukan zuen.

1998an, Lizarra-Garazirekin bat, Euskal Herritarrok-en bidez, ezker abertzale soziologikoa hauteskundeetan mintzatu zen, ozenki, indartsu, sendo eta goranzko proiekzio garbian. Abstentzioan, boto-baliogabean eta bestelako txokoetan babesa/ autojustifikazioa aurkitu genuen milaka independentista bozkalekuetara hurbildu ginen aspaldiko partez.

Jakue Pascual ez zebilen oker, ezker abertzale aurrerakoia, ezkertiarra, eraldatzailea, HB, HASI edota ENAM baino dexente zabalagoa zen, PNVri lehenengo postua Hegoalde osoan zalantzan jartzeko modukoa. Hau da, boto-emaileen %30era iristeko gaitasuna.

Lizarra-Garaziko lehenengo saiakerak porrot egin zuen. Aldiz, 11 urteren buruan, errealitate egoskorra nagusitu egin da. Honaino iristeko etapa mingarri eta latz asko jasan behar izan dira, baina zorionez metodo original batek zabaldu zuen ezker independentistaren bigarren aukera historikoa: ETAren alde bakarreko su-eten iraunkorra, alegia.

Dagoeneko, ezker abertzalearen apustua Euskal Herriak hirutan saritu du eta hirutan saritu du euskal ezker nazionalaren sektore guztien arteko indar metaketa. Mendebaldeko hiru herrialdeetako hauteskundeetan emaitza hobea izan zitekeen arren, egun, ezkerreko independentismoa eraldaketa sozial eta nazionalaren lidergoa hartzeko moduan dago, indar mediatiko eta joko estetikoen menpe dauden erakundeak ez baitira joko-zelai demokratiko bakarra.

Aldebakartasunaren metodoak ateak zabaldu ditu eta hemendik aitzin, ezker abertzale soziologikoaren erakunde guztiek, metodoari eusteko sasoian daudelarik, metodoa eraldaketa sozialari eta nazio askapen prozesuari zabaldu beharko lieketelakoan nago.

Ehuneko 25, aurki %30, asko da, aski da konfrontazio politiko baketsurako.

Francoren sistemaren erreformak sortu zuen erregimena demokratikoa ez bada ere (botere banaketarik ez duen Estatua baita Espainiako Erresuma), batzuek estrategia zibilak baino ez direla erabili behar pentsatu izan dugu beti. Zibilak bai, ez ordea beti otzanak, demokrazia ez baita gehiengoaren diktadura eta demokrazia ez da-eta lau urtean behin ordezkari gutxi batzuei erabaki politiko guztien baliabideak oparitzea.

Ezker independentista bateratua, zibila, anitza, kritikoa eta autoeratua, PNVk, PSOEk, UPN-PPk Hegoaldean babesten duten sistemari alternatiba eratzen hasteko gai da. Haize guztiak ditugu alde, kapitalismo basatira garamatzaten erreforma antidemokratikoei eman beharreko erantzuna, naziorik gabeko gure inguruko herrien prozesu askatzaileak, antolatzen eta lan egiten ohituta dagoen jendarte sare indartsua edukitzea. Argudiatuz eta arrazoituz aurre egiteko proposamen gauzagarriak ditugu.

Hiru urrats egin dira, hiru urratsetan orubea prestatu da, orain joko-zelaia beste esparru batzuetara ere zabaltzeko garaia da, auzoz auzo, herriz herri, norbera protagonista bilakatuz, etorkizuneko Euskal Herria gure gertuko esparru guztietan aurreratzen, egitasmoa egia bihurtuz, nazio eskubideak eskuratuz eta eraldaketa sozialari ekinez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo