Errenterian Irritxoen Eguna ospatuko dute, haur guztien eskubideak babesteko
Haurrei eskainitako zortzi gune prestatuko dituzte azaroaren 11rako Errenterian. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia eguneko ekitaldirik indartsuena izango bada ere, egun osoan zehar izango dute txikiek ondo pasatzeko aukera. Jai honekin, gurasoak espetxean dituzten haurren eskubideak bermatu nahi dituzte, Euskal Herritik urrun egon behar diren txiki asko daudelako, baita astero kilometro ugari egin behar dituzten beste hainbeste ere.Nagore BELASTEGI | ORERETA
Landare elkarteak Irritxoen Eguna ospatuko du beste behin preso daudenen haurren eskubideak sustatzeko asmoz. Jaia azaroaren 11n ospatuko dute Errenterian, eta umeek primeran pasatzeko zortzi gune prestatuko dituzte bertan, Naroa Iturri kazetariak elkartearen izenean azaldu zuenez.
Iturrirekin batera Eriz Magoa, Olentzero eta Porrotx pailazoa izan ziren Txiki Kaia espazioan egindako aurkezpenean. Azken honek ospakizunaren xedea azaldu zuen. Haurren eskubideak babesten dituen «`Onditz Euskal Irrira' mugimendu koloretsu, alai, sudurgorri eta herrikoia» duela 15 urte jaio zen, Onditz umetxoarekin batera. Espetxeratua zen ama Palentziara eraman zuten haur jaioberria berarekin egon ahal izateko.
Harrezkero, Onditz koskortu da eta mutil gaztea da jada, baina «oraindik ere egoera horretan gaude; Euskal Herriko kartzelak ez daude prestatuta preso amak eta haurtxoak elkarrekin egoteko. Nazioarteko arau, tratatu eta legedia guztiak hausten ditu. Ez dago eskubiderik, onartezina da».
Espetxeratuen seme-alaben eskubideen aldeko borrokan jarraitzen duten bitartean, penak alde batera utzi eta txikiei eskainitako euskaraz bizitzeko eguna izango da Irritxoen Eguna. Olentzero ere bertan izango da haur guztien gutunak eta marrazkiak («eta muxuak eta besarkadak») jasotzen urrun daudenei helarazteko.
Ikazkinak herenegun jaso zuen Irritxoen Egunean izango zelako albistea, gaztainak jasotzen ari zela. «Urtez urte zailagoa da, zaharragoa naiz. Baina horrelako ekitaldietara etortzeko esaten didatenean gaztetu egiten naiz», aitortu zuen. Hain pozik zegoen Olentzero ezen soinua hartuta, inguruan zituen laguntxo guztiekin batera, pare bat kantu eskaini zituen.
Jolasak Irritxoentzat
Irritxoen Eguneko ia jarduera guztiak doakoak izango dira. Izan ere, Porrotxek esan zuen bezala, «krisian gaude baina umorea ez, ezta elkartasuna ere. Horiek inoiz baino osasun hobean daude».
Hala, Niessen plazan hasiko da jaia 11.00etan. Errenteriako alkateak Irritxoen Eguneko Alkate Txikia izendatu ostean, antzezlan bat eskainiko dute, espetxean bere haurrarekin bizi den ama baten ikuspuntua eta bere bizi esperientziak erakutsiz (beste emanaldi bat ere egingo dute 17.00etan).
Esmalteria plazan puzgarriak, jolasak, tailerrak eta talogileak izango dira. Buruhandien eta erraldoien bilkura ere hortik abiatuko da trikitilari, dultzainero eta txistularien laguntzarekin. Zumardia gunean ere izango dira puzgarriak.
Xenpelar plazan euskal jolasak egingo dituzte egun osoan. Gainera, magiak presentzia berezia izango du bertan: Txan Magoak eguerdian eta Eriz Magoak arratsaldean emanaldiak egingo dituzte, publikoa aho bete hortz utziz. Xenpelarren joko elektronikoak ere izango dira.
Merkatu zaharrean herri bazkaria egingo duten bitartean, herriko plazan kirola egiteko aukera izango da. Eskaladari eskainitako gunea izango da: boulder, tirolina eta rapela egiteko aukera egongo da bertan.
Ordaindu beharreko bakarra Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango da, Galtzarabordako kiroldegian 17.00etan eskainiko dutena. Sarrerak ohiko saltokietan edo www.barrabarra.eu eta www.irritxoeneguna.info webgunetan eskuratu daitezke. Sartzerakoan sarrera gisara erabili beharreko pultserak banatuko dituzte.