GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Krisiaren aitzakian, lan baldintza gero eta kaskarragoak, batzuetan bizia kentzerainokoak

Krisiaren sorreran erantzukizun gutxien dutenak larrutik ordaintzen ari direla ez da kontu berria. Esate baterako, langileak, eta lan baldintza gero eta kaskarragoen ondorioetako bat osasuna eta batzuetan bizia galtzea da. Enpresa askok lan arriskuen prebentzioari ez diote behar luketen lehentasuna ematen, eta krisiaren aitzakian are gutxiago. Atzo Gasteizen beste langile bat hil zen bere lanpostuan, aste honetan Euskal Herrian hil den hirugarrena. Ezbeharraren nondik norakoak argitu beharra dago, jakina; hala ere, lan istripuen kausa orokorrak ezagunak dira. Logika zital baten arabera, langileak produkzio bide hutsa dira, ahalik eta etekin handienaren zerbitzuko; beraz, haien segurtasuna ez da inbertsio «errentagarria». Gainera, praktika hori ez da enpresa askorena soilik; izan ere, administrazioek berek ere langileen segurtasun neurrietaraino eraman dituzte murrizketak. Joan den asteartean Nafarroan hildako bi langileek Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko enpresa batean lan egiten zuten, eta azpikontratazioak lan baldintzak kaskartzea dakar. Baina, antza denez, heriotza horiek ez dute garrantzi handirik «gizarte alarmak» sorrarazten dituzten agintarien eta hedabideen ustez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo