GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek ahalmen urritasuna duten haurren eskolaratzea oztopatzen duela salatu dute

Handik kolektiboko kideek Gobernuaren jarrera salatu zuten atzo. Ahalmen urritasunen bat duten haur eskolaratuak behar bezala artatzeko laguntzaileak profesionalizatzea beharrezkoa dela aldarrikatu zuten.

p016_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Ahalmen urritasuna duten pertsonen eskubideen alde lan egiten duten elkarteak biltzen ditu Handik kolektiboak, eta beste behin ere salatu ditu frantses Gobernuak zer-nolako gabeziak dituen urritasunen bat duten haurren eskolaratzean.

Kolektiboa, 2009az geroztik, frantses Hezkuntza Ministerioarekin auzitan dabilela gogorarazi zuen atzo Ladix Lanouguerek, Integrazio Batzordeko arduradun eta kolektiboko kideak. Ahalmen urriko haur eskolaratuak artatzeko beharrezkoak diren laguntzaileen profesionalizatzea gero eta okerragoa zela ohartarazi zuten 2009an, lehenbizikoz auzitegian salaketa bat aurkeztuz. Sei familiak parte hartu zuten ekintza horretan, eta harrezkero urtero errepikatzen ari dira auzitaratzeak.

Ministerioak auzi guztiak galdu arren, 2012an, frantses Hezkuntza Ministerioak familien aurka daraman auzia Parisko kasazio epaitegira eramatea erabaki zuen. «Uste genuen bukatua zela, baina, ez. Hiru aldiz kondenatua izan ondoren, Ministerioak gutun bidez jakinarazi die familiei kasazio auzitegira joko zuela», azaldu zuen.

Egoera ulergaitza dela adierazi zuen kolektiboko ordezkariak. Izan ere, ahalmen urriko haurren laguntzaileen profesionalizatzearen gaia aztertzeko Parisen lan talde bat osatu zela gogorarazi zuen Lanouguerek.

Talde horretan Hezkuntza Ministerioak, sindikatuek eta arloan lan egiten duten elkarteek parte hartzen dute. «Urtez urte, Hezkuntza Ministerioa aldarrikapen horri auzien bidez erasotzen aritu da, eta aldi berean, lan talde bat osatzen du profesionalizatzearen inguruan lan egiteko», esan zuen Lanouguerek, kontraesana nabarmenduz.

Berrehun ume eskoletan

Ahalmen urriko haurren eskolaratzean gobernuak «arazoak konpondu» nahi dituela ematen badu ere, berez, azken urteotan erakutsitako jarrera guztiz kontrakoa dela berretsi zuen. «Denbora irabazten aritu dira. Baina, profesionalizatzea Hollande presidentearen agintza bat izan zen. Gobernuak gai horretan aurreratzeko duen asmoaz zalantzak ditugu, ordea», esan zuen.

Bitartean, ikastetxe pribatu nahiz publikoetan eskolaratuak diren haurren arretaz lan baldintza prekarioak dituzten laguntzaileak arduratzen dira. «Profesionalak gero eta gutxiago dira, eta geratzen direnek postuak uzten dituzte lan ordu murritzak eskaintzen dizkietelako», ondorioztatu zuen Lanouguerek. Handik kolektiboa, besteak beste, ahalmen urritasuna duten haurrak eskolaratzeko beharrezkoak diren laguntzaileen profesionalizatzea aldarrikatzeko sortu zen, duela lau urte.

Dirurik ez

200 bat haur, ahalmen urritasuna dutela, eskolaratuak dira Ipar Euskal Herrian. Ikasturte hasieran eskola pribatuei haurron arretarako diru laguntzarik ez dietela bideratzen salatu zuen Handik kolektiboak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo