GARA > Idatzia > Mundua

Euskal Herriko hainbat eragilek babesa eman diote Kolonbiako bake prozesuari

Euskal Herrian bakearen eta eskubide zibilen aldeko lanean ari diren hainbat eragilek Kolonbiako bake prozesua babesteko ekimena hasi dute, Lokarriren webgunean sei puntuko manifestu bat zabalduz eta horren aldeko sinadura bilketa eginda.

p020_f02-111x77.jpg

Lokarri, Mundua Bat, Alboan, Sodepaz, Mugen Gainetik eta Jorge Adolfo Freytter Romero Elkarteak, Luis Guridi EHUko irakaslearen eta Hego Institutuko Zuzendariarekin batera, Kolonbian hasi berri den prozesua babesten duen manifestu bat sinatu dute.

Bertan, besteak beste, prozesuan zehar «kolonbiar jendartea aintzat hartzera» eta «su-eten aldeanitz bat deklaratzera» animatu dituzte Gobernua, FARC-EP eta ELN -prozesuko protagonistak-.

«Bakearen alde, giza eskubideen alde eta Kolonbiako gatazka konpontzearen alde diharduten elkarteekin harremana daukagun hainbat erakunde bildu gara hemen, bere bake prozesuarentzako hain garrantzitsua den momentu honetan, modu bateratu batean Kolonbiako jendarteari gure sostengua adierazteko». Honela hasi zuten Aitziber Blancok (Lokarri), Marlen Eizagirrek (Alboan) eta Iñaki Markiegik (Mundu Bat) Bilbon asteazkenean emandako prentsaurrekoa.

Sinatu dutenen izenean hitz egin zuten hiru kideek herritarrak ere «Euskal Herritik Kolonbiara, bake prozesua babestuz» iniziatibaren parte izan daitezkeela nabarmendu zuten, manifestua Lokarriren webgunean sinatuz.

«Distantzia handiak bereizten gaituen arren, Kolonbiako herriarekin elkartasun sakon batek lotzen gaituela azpimarratu nahi dugu, indarkeriazko borrokak urte askotan zehar eragin izan duen sufrimenduarekin bat egiten dugu eta lehen urrats hauek egungo eskenatokia aldatzeko aukera bat izatea espero dugu».

Herritarrek protagonista paper bat jokatu behar dutela ere uste dute, modu horretan «bake prozesua indartu» eta Kolonbiarentzako etorkizunaren parte izango direla argudiatuz.

«Itxaropen mezu bat bidali nahi dugu: denon laguntza beharko duen aldaketa garai bat zabaltzen da; orain arte mesfidantza egon den lekuetan konfiantza sortzeko garaia, orain arte apurtuta zeuden zubiak berreraikitzekoa. Kolonbian etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak finkatzeko martxan jartzen den prozesua bera azken emaitza bezain garrantzitsua izango da».

«Euskal Herritik Kolonbiara, bake prozesua babestuz» izeneko iniziatibaren baitan zabaldutako manifestua babesa eta errespetua oinarri duten sei puntuk osatzen dute.

Azken puntuan indarkeriaren iraunkortasunaren ondorioz sortutako sufrimendu esparruen existentziaz eta su etenaz mintzo dira. «Gizarte zibila egoera honetan ahulena dela uste dugu eta egoera gizatiartzeko neurriren bat hartzea garrantzi handikoa dela uste dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo