GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek burua altxatzen hasteko aurkari txarra dauka

Lapurtarrek Clermont talde handiaren zelaian jokatuko dute 20.50ean.

p038_f01_97x133.jpg

Jon LEUNDA

Bost partida segidan galdu ostean, Biarritzek pasa den larunbatean lortu zuen berriro garaipena, eta orain bolada onari eutsi nahi dio, nahiz eta bai taldeak, bai lehiaketak ez duen azkeneko partidarekin zerikusi handirik izango.

Zuri-gorriek Clermonten zelaian jokatuko dute 20.50etik aurrera. Aurkari benetan gogorra izango dute lapurtarrek, Frantziako ligako talderik onenetakoaren aurka jokatuko baitute gaur ilunabarrean.

Une honetan, frantziarrak sailkapeneko bigarren postuan daude 28 punturekin. Jokatu dituen zortzi neurketetatik sei irabazi eta bi galdu ditu. Guztira lau puntu gehigarri lortu ditu, eta une honetan 28 puntu dauzka, lehen postuan dagoen Toulonek baino lau gutxiago.

Biarritzek Ligan oso bolada txarra darama. Hasiera bikaina izan zuen, lau partida jarraian irabazita, baina ondoren beste horrenbeste neurketa galdu ditu, eta une honetan zazpigarren postuan dago 19 punturekin, lau neurketa irabazi eta beste horrenbeste galduta. Hiru puntu gehigarri ere lortu ditu orain arte talde zuri-gorriak.

Jokalariei dagokienez, Van Staden osatu da, eta gaurko deialdian egongo da, nahiz eta hasierako hamabostekoan ez den sartuko. Harinordoki eta Yachvili oraindik ez dira osatu, eta denbora dezente geratzen zaie gainera. Beraz, taldeko bi izar nagusien hutsuneekin jarraitu beharko du talde zuri-gorriak. Lehenengoak aurten ez du oraindik norgehiagoka bakar bat ere jokatu, eta bigarrenak, berriz, lehenengo bi partidak besterik ez ditu jokatu ahal izan.

Gaur Biarritzek zelairatuko duen hamabostekoa honako hau izango da: Barcella, Hegi, Gomez Kodela, E.Lund, Taele, M.Lund, Lauret, Lakafia, Lesgourgues, Barraque, Baby, Traille, Burotu, Ngwenya eta Balshaw. Hori baieztatzen baldin bada, August, Blaauw, Dubarry, Guyot, Peyrelongue, Bosch, Brew eta Van Staden aulkian geratuko dira, partidan zehar minuturen bat edo beste izateko itxaropenarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo