NARRATIBA
«Fly away»
Leire ZUBELDIA
Treneko joan-etorrietan irakurri ditut eleberri mardul honen orrietako gehienak. Baita bozgorailuko emakumearen ahotsak “Martutene” (bigarren silaban azentua jarriz) esandakoan burua altxa eta leihotik begiratu ere. Geltoki ondoko leiho berdedun etxe xarmangarri haren hutsunera ohitu dira bidaiariak, eta denboraren poderioz, ez gara porlanezko errepideen lekuan zeuden baratze eta landa zabal haietaz gogoratu ere egingo. Ramon Saizarbitoriak ere nostalgiaz begiratzen dio nobela lekutu duen auzoari.
Martutenen bizi dira istorio honetako bost pertsonaiak. Martin eta Julia Villa Flores-en bizi dira, Martinen familiaren oporretako etxea izandakoan. Idazlea da bera. Aspaldian ez du ezer argitaratu, esku artean daukan nobela bukatu nahi eta ezina tarteko (Saizarbitoriaren alter-egoa?). Julia berriz itzultzailea da, Martinen obrak itzuli izan ditu. Seme bat du, Zigor. Bikotearen harremana bere onenak emanda dagoenean, Lynn, neska amerikarra iritsiko da etxera. Soziologoa izaki, ikerketa bat egitera etorri da Euskal Herrira. Pilarren familiarena den klinikan burutuko du bere azterketa. Lan horretan lagun izango du Abaitua doktorea, Pilarren senarra.
Bi bikote hauen bizitzak, ur geldiak dira, eta Lynn horiek mugiaraziko dituen errotarria izango da. Bera da istorioaren iturria eta motorra. Pertsonaien sentimenduak eta emozioak loratuko ditu: damuak, erruak, zeloak… «Fly away» esaten du Lynn-ek. Izan ere, askatasuna da Lynn, bizkar gainean daramaten zamatik liberatzera bultzatzen dituen aire berria, garbia; helduleku bat ur ustelduetan itotzear dauden horientzat; eta ederra da, eta gaztea; bere urrezko orraziarekin biluzik orrazten den lamia bezain erakargarria, seduktorea; ia-ia jainkozkoa da Lynn. Liburu bat ere ekarriko du: Max Frischen “Montauk”. Martutenera «M» gehiago ekartzeaz gain, literaturari eta sinbolismoari atea irekiko dion elementua da hori. Kasualitatez, neska amerikarraren izen bera darama bertako pertsonaiak, Lynn; eta kasualitatez, (edo ez), Abaituaren bulegoan ahaztuko du liburua Lynn hezur-haragizkoak.
Pertsonaia indartsua lortu du Saizarbitoriak, eta modu eraginkorrean eleberriaren erdian jarri du. Bera da bi planoak (Julia eta Martinena batetik, eta Abaitua eta Pilarrena bestetik) elkartzen dituen ardatza. Ahots orojakile batek kontatuko du istorioa, batzuetan Juliaren ikuspuntua eta besteetan Abaituarena hartuz. Era berean, bi plano horiek lotzen laguntzen dute Harri eta Kepa pertsonaiek. Harrik, Juliaren eta Martinen laguna izatez gain, Abaituaren eta Lynn-en ikerketa berean hartzen du parte. Kepa, berriz, Abaituaren laguna da, eta ondo ezagutzen du Martin, iraganean burkide izan baitzuen. Bi planoak eta bertako pertsonaiak tentsioan jarri eta tentsioan mantentzea lortu du Saizarbitoriak egitura honekin, pertsonaien alderdi ustelak nabarmen utziz. Tentsio horrek irakurtzen jarraitzera bultzatu nau. Hori bai, egitura horretaz jabetu aurreko orriak luze samarrak egiten dira.
Saizarbitoriaren literatura gosez zeudenak asetzeko moduko razioa dute: 776 orri era guztietako giza-harremanez, euskal gatazkaz, medikuntzaz eta medikuen hoztasunaz, nostalgiaz, erruduntasunaz, damuaz, maitasunaz, sexuaz, erakarpenaz, Frich edota Flaubert-ez, euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez. Hori dena, idazkera jariakor eta ederrez. Saizarbitoriaren estilora, alegia. Lynn-ek esango lukeen bezala «Just relax» and «fly away».