GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Galeuscaren batzarra, donostian

Ahoz ahokoa, nazio bakoitzak esateko duenari ahotsa emateko

Hiru nazio, hiru hizkuntza, hiru kultura, baina arazo bakar bat: Estatu espainolaren zamak ez die hegoak astindu eta airea hartzen uzten. Urtean behin euskal, galiziar eta kataluniar idazleen federazioak, Galeuscak, batzar bat antolatzen du arazoei elkarrekin aurre egiteko. Aurten ahozkotasuna dute oinarri.

p009_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Galeusca federazioa urteroko batzarra ospatzen ari da egunotan Donostian, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriaren kultur egoeraren gainean hausnarketa egiteko. Hizkuntza gutxituak eta horiek baliatuta sortzen den literatura dute oinarri, baina eztabaida arlo politikora zabaldu ohi da gehienetan.

Urtero nazio bateko idazle elkarteari egokitzen zaio batzarra antolatzea, eta aurten Euskal Herriaren txanda zen. Aurretik Arantzazun, Gernikan, Iruñean eta Donostian egin izan dira, «euskaldunontzat toki bereziak». Oraingo honetan Donostian ospatu dute berriro, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) egoitza bertan duela-eta.

Elkartearen zuzendari Ander Iturrioz da ekitaldia behar bezala burutzea ziurtatu behar duen arduradunetako bat. Aitortu zuenez, dena prest izatea gehiago kostatu zaie traba ekonomikoengatik antolakuntzaren beraren konplexutasunagatik baino. Izan ere, AELG (Asociación de Escritores en Lingua Galega) eta AELC (Associació d'Escriptors en Llengua Catalana) galegoz eta katalanez jarduten duten idazleak gonbidatzeaz arduratzen dira.

EIEren ardura izan da, ordea, batzarraren gaia hautatzea. «Ahozkotasuna aukeratu dugu eta `Esateko idazten dena' lema darama. Uste dut Euskal Herrian garrantzia handia izan duela, eta ez naiz bertsoez bakarrik ari. Gure kultura eta gure hizkuntza ahozkotasunari esker mantendu da», azaldu zion Iturriozek GARAri.

Galeuscaren inguruko ekitaldiak ostiralean hasi baziren ere, gaur egingo dute batzar nagusia federazioko hiru elkarteetako kideek. Galiziak, Kataluniak eta Euskal Herriak, hirurak Estatu baten menpe dauden nazioak izanik, antzekotasun ugari dituzte, baina, jakina, desberdintasunak ere bai. «Hizkuntz gutxituak dira hirurak, baina ez maila berean, egoera oso desberdina dute. Katalunian aurrerago daude kulturaren zabalkundean, eta Galizia eta Euskal Herrian, atzerago. Nazio bakoitzean dagoen egoera soziopolitikoa desberdina da. Baina horri buruz hitz egiteko bilduko gara», azaldu zuen Iturriozek. Honela, gaurko bileretan nazio bakoitzak dituen kexuak azaleratzeko aukera izango du, elkarrekin nork bere kulturaren defentsan pauso bat gehiago emateko.

Biltzen diren bakoitzean, batzarraren ostean, akta idatzi eta sinatzen dute, «beti dagoelako kexaren bat Gobernu espainolaren inguruan». EIEko zuzendariaren hitzetan, federazioa kultura gutxituen aldeko presioa egiteko sortu zen eta horretan jarduten dira urtez urte. Iazko aldarrikapenak burujabetzaren aldetik jo zuen. «Subiranotasunik gabe hizkuntza gutxituek ez dute babes nahikorik. Ikusi besterik ez dago Nafarroan zein egoera dagoen».

Kexak urtero izaten diren arren, beti dago pozik egoteko konturik ere. Hala dio, behintzat, Galiziako mitologian aditu Antonio Reigosak. «Niri iruditzen zait batzarra labur gelditzen zaigula. Batzuek espresio bide batzuk ikertzen dituzte, eta gainontzekoekin partekatzen dituzte. Horri buruz mintzatzen gara ideia berriak sortzeko, eta hortik urte batzuetara fruitua eman dutela ikusten dugu». Juan Kruz Igerabide euskaltzainaren ustetan, nazio bakoitzak badu esparru bat aurreratuagoa dagoena, adibidez, «Galizian ahozko literaturan aurretik doaz».

Katalunia politikoki omen dago aurreratuta, hiru nazioetatik ofizialki independentzia eskatu duen bakarra delako, baina horrek ez dio katalanari bidea errazten. Laia Martinez i Lopez poeta Kataluniakoa da, baina Mallorcan bizi da eta bertatik egiten du lan bere hizkuntzaren alde. «Zoritxarrez gainerako idazleekin partekatzeko arazo gehiago dauzkat, Balear Uharteetan ere arazo berberak indartu egiten baitira», kontatu zuen poetak.

Arazo berberei aurre egiten

Hiru idazleek uste dute Galeuscaren urteroko batzarra oso positiboa dela. «Alde batetik, elkarri euren literaturaren berri emateko balio du, eta bestetik, elkarri bultzada bat emateko. Agerikoa badirudi ere, normalean literatura txikiek bakoitzak euren aldetik irautea nahikoa dute. Beraz, honelako ekintzak ez dira ohikoak», adierazi zuen idazle euskaldunak.

Martinez i Lopezen iritziz, jardunaldi hauek sortzaileek euren hizkuntzak bizirik mantentzeko zein ahalegin egiten dituzten ikusteko balio dute, denen artean laguntza-sare bat sor dezaketelako. Honela, urteak pasa ahala, idazleek uler dezakete kanpoko baldintzak gaindituz literaturak garatu egiten direla.

Galiziarra kanpo baldintza horiez kexatu zen, ez datozelako bat ez literaturarekin, ez kulturarekin, ezta hizkuntzekin ere, baina hiru nazioei modu berean arazoak sortzen dizkie. «Hirurok egoera berdintsuak bizi ditugu eta aurrera egin ahal izango dugu, arazoei elkarrekin aurre egiten badiegu. Urtean zehar pareten kontra jotzen dugu, pareta politiko eta sozialak oro har, baina elkartzean konturatzen gara borrokan jarraitzea merezi duela. Urtero aurrerapenen bat dugu kontatzeko, eta horrek baikortasunez betetzen gaitu. Jardunaldi hauek pilak kargatzeko balio digute».

Juan Kruz Igerabidek, Laia Martinez i Lopezek eta Antonio Reigosak atzo publiko adituari eskainitako hitzaldi sortetan parte hartu zuten, eta beste sei idazlerekin batera, ahozkotasunak arlo desberdinetan duen garrantzia azpimarratu zuen: tradizioan, hedabideetan eta arte eszenikoetan.

Arratsaldean publiko arruntak ere izan zuen hiru hizkuntzen edertasunaz gozatzeko aukera. Izan ere, San Telmo museoak ipuin kontalariei tarte bat egin zien. Joxemari Carrere euskaraz, Cristina Mirinda galegoz eta Carles Garcia Domingo katalanez istorioak kontatzen aritu ziren ordu eta erdiko saioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo