Iker Bizkarguenaga | Kazetaria
Giltza, Ibaizabalen
Badakit gogorra izan daitekeela astebetera oraindik hauteskundeei buruzko hausnarketak irakurtzen jarraitzea, baina lasai, zutabetxo honetan apenas sartzen dira lerro batzuk, eta hemen «txapa» handirik ez duzue topatuko. Hala ere, honi guztiari buruz bi gauza aipatu nahiko nituzke, eta hitza ematen dut bi astetan gutxienez ez dudala bozketei buruz gehiago berba egingo.
Lehenik, hainbatek bere balorazioan EH Bilduk bere kontrako jarrera oldarkor bati aurre egin behar izan diola nabarmentzeak atentzioa eman dit. Erasoa, zenbait hedabideren aldetik, batez ere, eta horrek eragina izan zezakeela Gipuzkoan izandako estropezutxoan -nire herrian nahi nukeen estropezutxoa, dena esan behar bada-. Egia da hori; koalizio abertzalearen beldur, ia denek bat egin dute EAJren aukera hobesten, sistemaren ordezkari gisa.
Egurra eman diote batzuek zein besteek, ez orain, lehen ere bai, hasiera-hasieratik. Baina horrek hausnarketarako bide eman beharko liguke herri honi buelta emateko esperantza dugunoi. Izan ere, esparru mediatikoan egun dagoen indar korrelazioak Euskal Herri libre bat eraikitzea posible egiten al duen pentsatzeko moduko gauza da. Hots, indar faktiko horiek Gipuzkoan hain erraz bozak baldintzatzeko gai badira, zer ez duten egingo askapen prozesuak aurrera egiten duen heinean. Eta hori horrela bada, nola emango diogun buelta desoreka horri. Horra galdera.
Eta bigarrenik, Gipuzkoako emaitzak apalak izan daitezke aurreko hauteskundeekin eta, batez ere, aurreikusitakoarekin alderatuta. Eta horrek azterketa eragin beharko luke, noski. Baina arazo hori behin-behinekoa da, arrazoi jakin batzuen ondorio dena eta, egoera ondo kudeatuz gero, iraul daitekeena. Ez da arazo soziologikoa. Ezker independentistak egiturazko arazoa ez du Gipuzkoan, Ibaizabal ibaiaren bi ertzetan baizik. Ezkerraldean eta eskumaldean.
Ekialdean Basauri-Galdakaon hasi eta mendebaldean Santurtzi-Getxon bukatzen den korridore gainpopulatu horretan, Bilbo barnean delarik, jeltzaleen eta ezkerreko abertzaleen arteko tartea oso handia da oraindik. Euskal Herriko biztanleen herena bertan bizi da, ia milioi bat lagun, eta hor lortzen du EAJk abantaila. Eta alde hori murriztu ezean, zaila izango du inork alderdi horri gaina hartzea.
Erronka hori ere ez da makala, baina herri hau ezkerretik askatasunera eraman nahi duenak heldu beharko dio. Giltza, lagunok, Ibaizabaleko uretan dago.