Julen MURGOITIO
Sumindu berriak, U21
Igandean hauteskunde eguna, astelehenean biharamuna, asteartean astelehenaren biharamuna... eta ostegunean Euskadiren Eguna. Aste txarrean etorri zaio Euskadi horri bere eguna. Eta egun horren harira, hitzen jarioa nonahi. Denetarikoa izan da, hitz-aspertuak, hitz gurutzatuak, hitz-jokoak... egunaren aldeko batzuen kasuan hitzoldeak ere bai! Hiztegia gainezka egiteraino! Amen. Bai, batzuentzat aste honetako egunak barrura begiratzeko leihoak izan dira, leiho apartak izan ere. Dagoeneko desjabetuak izateko bidean dira batzuk, eta horietariko hainbat beheko Estatuaren hiribururako bidean ere bai, omen. Edozelan ere suminduak, haserretuak, dira U21 mugimendu berrira bilduak, botoen murrizketak eragindako kaltetuak. Hori bai, plaza gabekoak aurreko horiek, dagoeneko plazak beste batzuek hartuta dauzkate eta.
Bada, bai, Gernikako Estatutua nahi izan dute ospatu, zein eta aspaldian bizien mundutik ospa egina zuen hura. Alzheimer politikoa. Topagunea dela diote, behin eta berriz, gero eta apalago dioten arren. Meeting point edo. Aireportuetan badira horrelakoak, galduta dabiltzanentzat. Unibertsitateetan ere, berdin, sute kasurako. Topagune? Bateragune ere izan zen noiz edo noiz eta begira zelan bukatu zen! Tira, oraindik ez da amaitu, oraindik espetxean dira lagunak, preso, eta gainera ez denok batera. Bai, hilda dago topagune horretan topa egiteko baliatu nahi duten hori. Bere garaian, estatutuaz galdeketa egin aurretik, uko egin zioten aukera desberdinez atez ate eztabaidatzeari... eta hor geratu zen hura gerora, bide bazterrean errauts. Ahalmen urritasunez jaio zen, erditu zuten, arnasa hartzeko birika transgenikoez. Eta luze gabe, bere urrian urratu eta hil. Baina hori orain urte asko izan zen; kontuak atera, hari errespontsua, Mozarten Requiema eta guzti, otoiztu zion abadea, gerora ezkondu eta gaur aitona da, oraindik jubilatu ezinean bada ere. Total, RIP. Eta estatutua hilda badago, zertarako aparte ospatu? Badugu izan gure egutegian gorriz markatuta santu guztien eguna! Eta nahikoa da santuen parean jartzea, miraritan apenas egina izateko. Tua askatu behar dugu ahotik, estatutu berria idatzi baino Estatu berria egin, bazterretik erdirantz. Eta hauxe ospatu, egunez egun ospatu ere. Bidea, bidaideen topagune. Harri ibilian, goroldiorik ez.