GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Zabaleta | Aralarreko koordinatzaile nagusia

Txomin Ziluagaren oroimenez

Txomin, hitz gutxitan irudikatzekotan, ezkerzalea zela esan beharko nuke nik

Txomin Ziluaga joan den mendeko 70eko urteetan ezagutu nuen. Espetxetik atera berria eta politikaren munduan egin genuen topo.

Frankismoaren urteetan sortutako EAS (Eusko Alderdi Sozialista) gero EHAS (Euskal Herriko Alderdi Sozialista) bi- hurtu zen Iparraldeko HASekin (Herri Alderdi Sozialista) bat eginik. Beste urrats bat HASI sortzea izan zen Eusko Sozialistak taldearekin bilduta, eta alderdi horretan bigarren idazkari nagusia Txomin Ziluaga aukeratua izan zen.

Gertuko harreman pertsonala bilatzen zuen beti Txominek; laguntasuna azaltzea premiazkoa izaten zitzaion maiz. Askotan, ordea, eztabaida politikoaren garraztasunak zapaldu zuen, beste hainbeste zapaldu gintuen bezala. Txomin, hitz gutxitan irudikatzekotan, ezkerzalea zela esan beharko nuke nik; beti ezkerraren kezka orokorretan murgildurik ibiltzen zen.

Bidelagun izandako Txomin Ziluagaren oroimenez eta omenez, gogoeta xumea egin nahiko nuke nik orain. Beste askorekin batera, biok ezker aber- tzale politikoaren sorkuntzan genbiltzan garai hartan, anitzak izan ziren izan genituen eztabaidak. Garapena ez zen erraza gertatu, ezta kontraesanik gabea ere, ezta eztabaidarik edo hutsegiterik gabea ere, baina ahal bezala egindakoak badirau eta hor dago.

Eztabaida sutsu haietako bat aipatzekotan, erakundeetan esku hartzea ala ez hartzea gogoratu beharko litzateke; politikagintzaren lehentasuna ala ez, alegia.

Urteak arrapaladan joan ziren, mendez aldatu gara eta Altsasuko Mahaiko hazia zuhaitz egiten ikusi dugu. Sigla anitz haien ekarpenarekin ez ezik, beste indar askoren batuketarekin enborra bilakatu da ezker abertzalea.

Txomin Ziluagak Euskal Herriko bakearen eta ezker abertzalearen politikako hastapenak ezagutu ahal izan ditu; hori izan da bere zoria hil aurretik. Egia da bakea ez dela oraindik osoa; besteak beste, hor daudelako euskal preso politikoak eta legedi eta erakunde bereziak. Egia da, baita ere, politikagintzan eta normalkuntzan ez direla oraindik lehen urratsak baizik egin. Baina, halere, Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gehiengo aurrerakoi eta ezkerzaleak ez dio ezker abertzaleari ordezkaritza nagusia eman, nahiz eta zalantzarik gabe emanen dion. Izan ere, Euskal Herriaren erabaki eskubidea aurrera eramateko adorea soilik ezker abertzaleari baitagokio, datozen urteetako jarduerak argi eta garbi azalduko duen bezala.

Askatasunaren ezkaratzean dago Euskal Herria, Txomin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo