GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT gelditzeko data erabakigarritik gertu, ezezkoa eman diote Baionan

Traktorez eta jendez bete ziren beste behin atzo Baionako karrikak, abiadura handiko trenbide berriari ezezkoa esateko. 10.000 pertsona batu ziren, antolatzaileek esan zutenez, eta 2.500, poliziaren esanetan. Zifra dantzarako betarik ez zuten eman martxaren buruan joan ziren 107 traktoreek, laborariek borroka honetan duten engaiamenduaren seinale. Sozialistak izan ezik, alderdi politiko guztiak izan ziren: Abertzaleen Batasuna, UMP, PNB, Batasuna, Berdeak...

p016_f01_250x104.jpg

Idoia ERASO |

«Proiektua inoiz baino ahulago dagoenez, manifestazioa beharrezkoa da. Momentu erabakigarri garrantzitsuak hurbiltzen ari dira; pisua izan behar dugu eta gure indarra karriketan da», adierazi zuen CADEko bozeramaile Victor Pachonek. AHTren egitasmoa atzeratu baldin bada ere, guztiz geldiarazteko mobilizatzea derrigorrezkoa dela nabarmendu zuten antolatzaileek. François Hollandek Estatuko garraio proiektuen garrantziaren araberako hierarkia ezartzeko sortu duen komisioak sei hilabete barru bere erabakia jakinaraziko du.

Martxa deitu zuten Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak (CADE frantsesez) eta Errobi, Hego Lapurdi eta Aturri-Errobi herri elkargoetako hautetsiek trenbide berriaren ordez egun dagoen trenbidea berritzeak dituen abantailak oroitarazi zituzten, bereziki ekonomiari dagokionez eta ingurumenaren defentsa arloan. Aldi berean, RFF Frantziako Trenbide Sareak, trenbide berria beharrezkoa dela erakusteko asmoz, emandako datuek eta aurreikuspenek sinesgarritasunik ez dutela berretsi zuten.

Hiriburuko auzapez Alain Iriartek hartu zuen hitza hautetsien izenean: «Egitasmoaren gidaritza politikoa egiten ari dira SNCF eta RFF. Egitasmo baliogabe bat egin nahi dute eta horretarako datu errealak faltsutzen ari dira, baita errealitatetik kanpo dauden aurreikuspenak egiten». Iriartek gogora ekarri zituen Estatuaren erakunde ezberdinek egin dituzten txostenak, zeintzuek egokiena egungo trenbidea berritzea eta modernizatzea litzatekeela aipatzen duten.

«Beraien argudio guztiak ezeztatzen joan gara banan-bana. Ikerlanek gure susmoa ziurtasun bilakatu dute. Hemen gaude badakigulako alferrikako egitasmo handiak baztertzeko eta dauden egiturak berritzeko garaia delako», baieztatu zuen CADEko bozeramaileak.

Hala ere, atzoko martxak aurreko urteetakoek baino jende gutxiago bildu zuen, gizartean dagoen kezka txikitu egin den seinale. Krisiak eraginda egitasmoa bertan behera utzia izanen den ustea zabaldua da. Alta, bai Pachonek bai Iriartek egitasmoa guztiz geldiarazteko AHTren aurkariek indarra erakutsi behar dutela nabarmendu zuten.

Traktoreak eta hautetsiak

Manifestazioaren buruan zihoazen 107 traktoreek Baionako ibilgailu zirkulazioa geldiarazi eta karriketan zen jendearen atentzioa erakarri zuten. Traktoreen atzetik xingolak ziren protagonista. Politikariek beraien hautetsi izaera nabarmentzeko bandera frantsesa zeramaten gurutzatua. Han ziren, besteren artean, Mugerre, Hendaia, Urruña, Hiriburu, Azkaine eta Senpereko auzapezak.

Udalbiltzaren xingola batzuk ere ikusi ahal izan ziren martxan zehar, Biharko Hendaia eta Batasunako kide Iker Elizalderena, esaterako. Europe Ecologie Berdeak taldeko Jean Lissar, PNBko Jean Tellechea, Abertzaleen Batasunako Jakes Bortayrou ere izan ziren egungo trenbidea berritzearen aurkako ekintzan. Front de Gauche eta Gauche Anticapitalisteko kideek elkarrekin egin zuten protesta.

CADEren baitan diren elkarte askoren ordezkaritzak ere hartu zuten parte, baita Bidasoaren hegoaldetik helduriko AHT Gelditu ere. Euskal Herriko biztanleekin batera, Landak, Lot-et-Garona, Gironda eta Bearnoko jendea ere hurbildu zen Baionara, eta protagonismo handia hartu zuten kolektiboen arteko elkarlana nabarmenduz.

Martxako alderik alaiena Bizi! talde altermundialistaren eskutik etorri zen. «Emeki Luke»-k Dalton bere etsaiek lagunduta AHTren arintasunaren beharra zalantzan jarri zuen. «Emeki Lukerekin jaunttokeriareki ez!» zihoen pankartaren gainean William RFF, Jack Rousset, Avereil Grenet eta Joe Vinci zihoazen gaiztoen papera eginez.

Manifestazioan izan zen giro alaiari Pantxokian eman zioten jarraipena. Biziko kideek asteartean AHT egitasmoa salatzeko Paueko Kontseilu Nagusian egin zuten ekintza ikusgarrian poliziak konfiskatu zien materiala berriz erosteko gaualdia prestatu zuten Baionako lokalean.

Gidaritza komisioa

Hego-Mendebaldeko AHT xedearen gidaritza batzordea ostiralean bildu zen Bordelen, Bordele eta Hendaia arteko trenbide berriaren proiektuaren aurrerapauso administratiboak zehazteko.

ALDARRIKAPENAK

Atzoko protesta beste hainbat aldarrikapenen gune bilakatu zen. Bereziki zabaldu zen France 3 Euskal Herri-ren albistegiaren defentsarako deia. Baita Landetan gasa gordetzeko gunearen kontrakoa ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo