GARA > Idatzia > Kultura

ktonika | ipar euskal herriko bertso txapelketa

Sustrai Colinaren bertsokera dotorea Donibane Garaziko finalerdian gozagai

Urruñako bertsolariak eskuratu zuen lehen postua Xilaba txapelketako bigarren finalerdian. Finalerako seikotea erabakita gelditu da hortaz, eta aitzineko finalean kantatu zuten bost bertsolarirekin batera ariko da Maddi Sarasua 16 urteko Itsasuko bertsolari gaztea.

p050_f02.jpg

Jon GARMENDIA

Antso Azkarra izan zen Donibane Garaziko hiribilduan eliza eta gotorlekua eraikitzearen arduradun. XII.mendea zen hori, eta ordutik hona historia bizia izan du hiribildu horrek, barneko bizimoldean euskarari lotua izan delarik beti ere. Ez da handik urrun Vauban zinema, non atzo euskaraz sorturiko kopla berriak entzun ahal izan ziren, doinu eta kantaera goxoarekin gainera.

Baxenabarreko hiriburuan ospatu zen Xilaba bertsolari txapelketako azken finalerdia. 300dik gora bertsozale elkartu ziren Vauban zineman, eta jadanik ezagunak dira Baionan kantatuko duten sei bertsolarien izenak, hona: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Maddi Sarasua. Sei horiek azaroaren 10ean ariko dira kantuan 2012ko txapelduna erabakitzeko norgehiagokan.

Saioan garaile Sustrai Colina izan zen, eta bigarren postua Odei Barrosok eskuratu zuen. Hirugarren izan zen Maddi Sarasua, txapelketa honetan ezustekorik handiena eman duen bertsolari gaztea. 16 urte ditu Itsasuko neskatilak, eta lehen parte hartzea du txapelketa handian; halarik ere, finalean sartzea lortu du.

Agur honekin hasi zuen saioa itsasuarrak: «Nahiz ta nahiago nukeen hor beheretik entzun/ zuen ilusioei nahi diet erantzun/ lagun artean gira presioa urrun/ bertso maitale gisa kantatu dezagun». Eta argi geratu zen presiorik gabe aritu zela. Orain, agian nahiago luke finala oholtza beheretik bizitzea, baina presiorik gabe jarduten bada, etorkizun polita duen bertsolaria dela erakutsiko duela segur da.

8ko handian ale politak

Ariketa puntuagarriak zortziko handikoarekin hasi ziren. Ramuntxo Christy eta Egoitz Zelaia izan ziren lehenak kantuan, eta honela zioen gaiak: «Berriki elgar ezagutu duzue, Compostelako bidean zaudete, eta Ramuntxok goiz osoan ez du hitzik egin. Ongi hasi zen Zelaia: «Bere jarrerak nire iritziz ez du nahi adina zentzun/ mikrofono bat jarrita ere ezingo zintudan entzun», eta bikain erantzun zion Ramuntxok: «Bide hunetan gurutzatuak ta eginak gira lagun/ ezezaguna egiten baita bidean fite ezagun/ baina zu otoi isildu zite ni bakean utzi egun/ Jaungoikoarekin mintzo naiz eta nahiago dut hura entzun». Saio polita egin zuten biek, eta domaia Egoitzek akats batzuk egin izana, biziki bertsoaldi politak osatu baitzituen.

Sustrai Colina eta Maddi Sarasuak eginiko lana ere aipagarria izan zen ariketa honetan. Maddi esne lantegi bateko kudeatzaileak Sustrai laborariari erran dio esnea prezio apalagoan erosiko duela. Honela hasi zen Colina: «Azken urtetan harremanetan aritu gara ni ta zu/ ta prezioa jaisten joan da krisia zen amenazu/ ta gaur esnea uraren pare erosi nahia daukazu/ ta hurrengoan nik ordaintzea eskatuko al didazu?» eta «... jendeak ez du gasna merkea soilik erosten ahal jada/ eta guk gasna merkatu aitzin esnea merke behar da» erantzun zion Sarasuak.

Txikian saio ederrak

Bai hamarrekoan bai zortzikoan, txikian saio biziak entzun ahal izan ziren, eta irri egiteko parada ere eskaini zuten bertsoaldietan bertsolari guztiek. Zortziko txikian Odei Barroso eta Ramuntxo Christy elkarrekin aritu ziren lehenik, Odei margolariak Ramuntxoren portreta egina zuen eta honek difamazioagatik salatu nahi zuen. Ramuntxo hasi zen «portreta galdegin dut ez karikatura» erranaz, eta Barrosok honela erantzun zion: «Ba aldea badago karikaturara/ pintzela mugitu dut huna eta hara/ barkatu lagun baina holakoa zara/ ta ez baduzu maite zure problema da», entzulearen irri karkailak sorraraziz.

Barrosok lan txukuna egin zuen saio osoan, erantzuten saiatu zen aldi oro eta anitz eskertu zuen hori entzuleak. Hamarreko txikian Colina eta Txoperenaren bertsoaldia nabarmentzekoa izan zen. Bikotea izatea suertatu zitzaien, astea lanean karraskan iragan eta Maddi Anek asteburuan kanpora atera nahi du; Sustraik aldiz, etxean gelditu. Maddi Anek honakoa erran zion: «Nahiz hemen gelditzea zuk duzun nahiago/ ja 5 egun etxean ditugu igaro/ kanpoan ere badira zinema ta trago/ ta egia esango dizut ezin dut gehiago/ etxetik kanpo ere mundua badago», eta ikusgarria, Colinaren erantzuna: «Maitea hori etzendun kontatu beharrik/ nahiz kanpoan badagon zinema ederrik/ nahiz ostatutan baden pizza ta pattarrik/ mundura ateratzea da alfer-alferrik/ Maddi Ane nik nahi zaitut neretzat bakarrik».

Txoperenak saio bikaina egin zuen, eta akats tekniko batzuek eragotzi zioten finalerako sailkatzea etorkizun handia duen bertsolari hendaiarrari. Kartzelako lanean ale ederrak entzun ziren, eta agian denetarik nabarmentzeko modukoak, Colinak laguna duen preso bati eskainitakoak eta Barroso eta Txoperenaren biak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo