Garitanok gizarte politiken aldeko apustua berretsi du Gureak Taldera egindako bisitan
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Diputazioko ordezkaritza batek Gureak Taldeak Donostian duen egoitza bisitatu zuen atzo, Aldundiak gizarte politikarekin duen konpromisoa erakutsi nahian. Martin Garitano ahaldun nagusia eta Jon Lasa Gizarte eta Enplegu zuzendaria izan ziren bisitan.
Gureak Taldeak enpleguan eta arlo sozialean daukan garrantzia nabarmendu zuen Garitanok. Urtean sei milioi euro jasotzen ditu Gureak Taldeak Diputaziotik. Guztira 42.000 langile ditu Gureak Taldeak, horietatik 1.000 behargin inguruk Diputazioarekin hitzarmena sinatuta duten tailerretan egiten dutelarik lan.
Ildo horretan, Diputazioak gizarte politikarekin duen konpromisoa berretsi zuen eta 2013rako aurkeztutako aurrekontuak horren isla direla adierazi zuen. Garitanoren arabera, gizarte politiken aldeko apustu garbia egiten dute aurrekontuek eta horren adierazle dira Gobernu espainolak Menpekotasun Legeari ezarritako murrizketei aurre egiteko Aldundiak inbertituko dituen 10 milioi euroak.
Ahaldun nagusiaren arabera, beste hainbeste egingo du Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzarekin eta beste hainbat arlorekin. Era berean, aurrekontuen erdia gizarte arloko gastuetara bideratzea da Gipuzkoako Aldundiaren asmoa.
Eguberritako ordainsaria
«Espainiako Gobernuak eragiten dituen murrizketen aurka ari gara eta haiek uzten dituzten hutsuneak betetzen saiatuko gara aurrekontuekin», baieztatu zuen Garitanok. Zentzu horretan, Aldundiak Eguberriko aparteko ordainsaria mantentzeko «bokazio politikoa» duela gaineratu zuen. Diputazioak ordainsari hori mantentzeko funtsa baduela ziurtatu zuen, eta, orain, asmo hori gauzatzeko formula egokiak bilatu beharko direla baieztatu zuen.
Garitanoren ustez, aparteko ordainsaria ez ematea Aldundiak langileekiko duen konpromisoa ez betetzea litzateke. Aparteko ordainsaria kentzea Gobernu espainolak ematen duen agindu bat dela gogorarazi zuen, eta, Donostiako Udalaren kasuan, Madrildik Eguberritako aparteko ordainsaria indargabetzeko agindua jaso duela aipatu zuen. Ostera, Aldundiak ordainsari hori mantentzeko ahalegin guztiak egingo dituela berretsi zuen, horretarako «formula berritzaileak» baliatuz.
Aurrekontuen negoziaketa
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak 2013rako diseinatutako aurrekontuei buruz ere aritu zen Martin Garitano. Ildo horretan, gai hori aztertu asmoz, Bildu Batzar Nagusietako gainontzeko indar politikoekin biltzen hasia dela jakinarazi zuen. Oraingoz, ordea, ez da aurrerapauso nabarmenik egon aurrekontuetako oinarrizko puntuetan.
Hala ere, momentuz gainontzeko alderdien aldetik jarrera irekia ikusi dutela aitortu zuen, nahiz eta oraindik ez duten akordio politika zein izango den zehaztu. Hurrengo asteetan, EAJ, PSE, PP eta Aralarrekin hasitako kontaktu birarekin jarraituko du.