Zabor bilketari buruzko informazio batzorde propioa eratuko da Altsasun
GARA | ALTSASU
Hondakinak biltzeko sistemaren eraginkortasuna hobetzeko eta egon daitezkeen aukeren aurrean informazio eta eztabaida zabaltzeko batzorde espezifiko bat martxan jarriko du Altsasuko Udalak. Modu horretan, bide batez, plenoan onartu zen eskaerarekin bat egingo dute.
Sakanako Mankomunitateak konpostajean eta atez ateko zabor bilketan oinarrituriko sistema berria ezarriko du datorren udaberrian, eta, horrenbestez, informazio kanpaina bat martxan jarri du. Altsasun, berriz, Udalak berak ere informazio batzorde propio bat eratzea erabaki du.
Altsasuko Bilduk nabarmendu duenez, batzordean, Udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, herriko eragile sozialek, ekonomikoek, sindikalek eta interesa duen orok parte hartu ahal izango du. «Parte hartze zuzena bultzatu nahi dugu, baita herrian eman beharreko eztabaida transbertsala eremu guztietara zabaldu ere», nabarmendu du Bilduk.
Batzordearen konpromisoa informazio eraginkorra eta egiaztatua herriko eremu guztietara zabaltzea izango da. Horrez gain, eztabaida modu sosegatuan egitea da Altsasuko alkatetzaren helburua, behar den denbora emanez eta alderdikeria oro alde batera geratzeko neurriak hartuz.
«Prozesu parte hartzaile eta erabakitzaile bat ezin da tik-tak batean egin. Prozesu oso bat eraman behar da aurrera herritarrok erabaki bat hartzerako orduan behar ditugun elementuak esku artean izan ditzagun, erabakia modu kontziente eta arduratsuan hartu ahal izateko», nabarmendu du Altsasuko Bilduk.
Batzordeak hartzen dituen erabaki nagusiak eta egiten duen ibilbidea bera Altsasuko herritarren artean zabaltzeko konpromisoa ere hartu du Bilduk.