GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Alemaniak ezin du errealitatea ukatzen jarraitu

Greziako zorra erraldoia da eta interesen ordainketaren sokak herrialdea zintzurretik estu hartua dauka. Gero eta zor handiagoa, orduan eta urkatuago haren ekonomia, urrutirago balizko errekuperazioa, ezinezkoago abiapuntu berri bat, ezinbestekoago bankarrota aldarrikatzea. Anabasa dute esku artean eta Bruselako «ilusionistak» bileratik bilerara ari dira soluzioa atzeratzen, kasu batzuetan bai eta bestetan ere bai, «etxeko» politiken inperatiboen dantzan. Horrela jarraituz gero, baina, eskutik eskura anabasa pasatzen, azkenean lehertu egingo da. Eta greziarrek, orain artekoa baino prezio askoz ere garestiagoa, mingarriagoa, ordain dezakete.

Alemania ari da Bruselako bileretan Greziaren zorraren zati handi bat kitatzearen kontra nabarmentzen. Ebidentzia eta arrazoi ekonomiko guztien aurka, Alemaniako jarrera itxiak ezinezko bihurtzen du Greziarentzat bere kabuz finantzatu ahal izateko edozein horizonte. Zergatik, baina, Alemaniaren itxikeria? Greziari zorra kitatzeak kostu ekonomikoa izango lukeelako alemaniar zerga ordaintzaileentzat, eta, hori, hauteskunde urte baten bezperan -2013ko irailean egingo dira bozketak-, kosta ahala kosta ekidin beharrekoa da Merkel eta Schäubelentzat. Bozak galdu ordez, nahiago dute afera impasse egoeran uztea, greziarren zintzurra haustear izan arren zorraren sokak estututa. Errealitatea ukatzea ez da soluzioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo